Eszenak
San Jose loreak
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktore eta idazlea
Aitaren Eguna ospatzen den egun honetan, udaberria ate joka datorkigu zelai berdeak San Jose lore horiz beteaz. Eta aitaren eguna, amarena bezala, egunero izaten bada ere, aurtengo egun hau berezia da batzuentzat, izan ere, udaberriko lore berri hauen jaiotzarekin batera aita berriak jaio baitira, eta bada espresuki zoriondu nahi nukeen bat (Zorionak, aita). Baina ezin bakar bat zoriondu, aurtengo udaberri hau aita bezala estreinatuko duten guztiak, oraindik ere zain daudenak, aspalditik aita direnak eta joan diren aita guztiak ere zoriondu gabe. Eta aitaren irudiaren inguruan jira-biraka nabilen honetan, Donostiako aurtengo Antzerki Saria irabazi duen «Aitarekin Bidaian» antzezlana ere geurean izango dugu Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, hilaren 27an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Aurtengo udaberrian beraz, San Jose lorez beterik izango ditugu zelai berdeak, gure aiten omenetan.
Baina utz ditzadan kontu erromantiko hauek guztiak eta noan harira, izan ere, Kutxako antzerki eta ipuin sariak banatuak izan dira eta honekin batera, hausnarketarako gaia datorkit burura. Zer dela-eta, euskarazko antzezlan saridun asko, baita sari gabeak ere, ez dira sekula taularatuak izaten? Zer gertatzen da? Euskarazko antzezlanak badira zinez eta kalitatezkoak gainera. Orduan, zergatik ez dira agertokira eramaten? Antzerkia eta gizartea eskutik badoaz, zer egon daiteke gugandik gertuago antzezlan hauek baino? Izan ere, gure eguneroko bizitzaz geure ama hizkuntzan mintzatzen diren antzezlanak dira hauek. Baina tira, gizakiok kontraesanez beterik omen gaude eta honako kasu konkretu honetan ezin garbiago ikusten da gure izaera nahasi, korapilatsua eta zentzurik gabekoa.
Eta zentzuaz ari naizela, galdera potolo batekin topo egiten dut, sarritan antzezlanen muin-muinean izaten den galdera sakonarekin. Bizitzaren zentzuarekin. Zertara gatoz hona? Zer egiten dugu hemen berehala joan behar badugu?... Guztiok geure buruari egiten diogun galdera asegaitza izaki, antzerkian behin eta berriro agertzen den dama dugu. Joan berri zaigun Miguel Delibes -ek «Cinco horas con Mario» antzezlanean edota aurreko astean Donostian ikusterik izan genuen Jose Maria Pou aktoreak gorpuzturiko Orson Welles zinemagilearen «Su seguro servidor, Orson Welles» antzezlanean ikusterik izan genuen bezala. Izan ere, hiltzeko jaiotzen gara guztiok baina tarte horretan zer? Bitarte hori baino ez al da bizitza? Zubi bat baino ez? Zertarako ordea?...
Galdera honen erantzun ezak sortzen digun egonezina jasangaitza bilakatuko litzaiguke humorea existituko ez balitz eta badira horretan benetako maisuak diren bi. Faemino y Cansado. Eta egun hauetan euren «Parecido no es lo mismo» ikuskizun absurdo, bizkor eta surrealista ikusteko aukera izaten ari gara Victoria Eugenia antzokian. Bizitza bezain zentzurik gabekoa eta absurdoa. Baina hala ere, San Jose loreak udaberriro jaiotzen dira berriro, eguzkia goizero-goizero ateratzen den bezala.