GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Musika 360º

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Musikaren azpiegituran gertatzen ari diren aldaketak nabarmenak dira. Oraingoz, musikaren euskarri fisiko eta generalisten (CD, biniloa eta DVD) mundua ez da hilko.

Azken hamarkadan disko salmentek izandako etengabeko jaitsiera ezin izan du ezerk gelditu. Urtez urte, diskoen fabrikazioa (CDa eta DVDa) behera etorri da salmenta urriaren poderioz. Lerroa gero eta gorriagoa da. Biniloaren ibilbideak ez dio ekarriko inolako konponbiderik, nahiz eta urtetik urtera, gero eta gehiago saltzen ari den, baina oso merkatu itxi, berezi, espezializatu eta espezifikoa da, eta izango da. Biniloaren bizitza goraka doa eta hori ongi dago, bidea luzatuko du, ezin ahaztu, ordea, horrek ez duela izango maila batetik gora igotzeko indarrik; puntu bat gehiago, agian.

Diskoaren mundua euskarri digitalak salbatuko duen ustea hor dabil eta hainbat fedez eta sinesmen osoz dabil. Ekimen ugari eta berriak sortzen ari dira egunetik egunera. Jaio, iraun apur bat eta, gehienak, handik gutxira bukatu egiten dira. Hil egiten dira. Ikuspegi ezkorra? Ez, dagoenaren azterketa. Merkatu ekonomian edo kuantitatiboaren aginpidean bizirik dagoenak mekanikotasunaren aurpegia du, hau gero gizatiartzen denean kualitatibo itxura hartzen du denok onar dezagun. Gizartea eta mundua era ezkorrean egiten ari gara. Gizarte faltsua eta mundu garatuaren estigma daramagu. Benetako bizitzarik txikiena ezabatua da, ezereztatua. Bizitza itxurara eraman da, plantara, simulaziora. Bizitza itxuraren itxuraren gainean eraikitzen denean, bizidunak ez daki zer ari den bizitzen. Non egon daiteke, beraz, ikuspegi baikorra? Funtsezko sorkuntzan eta ongi pentsatutako «espontaneitatearen» agerraldian. Bizitzaren debatea. Errora itzultzea edo erantzun integralak ematea.

Musika «enlatatuaren» mundua horretan dabil ahalik eta erantzun globalena eman nahian bere beharrei, bulego globalak sortuz. Marketinak dagoenaren ordenaren baitan geratzeko egiten du lan, edozein propaganda komertzialek bezala, kultura menderatzaileak berak ere bai, aisialdiak, politikak, zein komertzioak, subertsioaren kaltetan. Baina marketinean izaten dira ere kontraesanak edo egia bera ere errekuperatu egin nahi izaten dute. Marketinak 360 graduko ideiak plazaratu ditu merkantziaren salmentarako, bizitzaren salmentarako. Marketin interaktiboa du izena, eta kontsumitzailea bera markaren balore aktiboa izan dadin dabil. Berriro gatoz simulazioaren gunera, planta eta itxurara. Musikaren industriara 360 graduko ereduak ere iritsi dira. Angelu edo ikuspegi orokorreko irizpideak, 360 graduko ekimenak artistari ahalik eta errazen bihurtzeko dena, artistaren beraren onespenarekin: diskoetxe, management, editorial eta gainontzekoak bulego berean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo