GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

EAk aurkeztutako proposamena ez du onartu Legebiltzarrak

Praileaitzen aferaren inguruan mozioa aurkeztu zuen orain egun batzuk Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak. Proposamenak, kobazuloaren babes eremua ehun metroraino handitzeko eskatzen zuen, beste gauzen artean. Mozioa atzo eztabaidatu zen Gasteizen eta Legebiltzarrak ez zuen onartu; 18 boz jaso zituen alde, 55 aurka eta bi abstentzio.

p049_f01_148x100.jpg

GARA | GASTEIZ

EAk mozioa aurkeztu zuen orain egun batzuk Gasteizko Legebiltzarrean Praileaitzeko kobazuloaren babes eremuan aldaketak eskatuz. Besteak beste, eremu hori gaur egungo 50 metroetatik ehun metroraino handitzeko galdegin zuen eta proposamena Lakuako Gobernua moldatzen ari den Dekretu berrian onartzeko eskatu. Blanca Urgellek zuzendutako Kultura Saila 120/2007 Dekretua berritzen ari da eta babes maila 50 metrotik 65era igotzea aurreikusten du. Halaber, Sasiolako harrobian egiten diren leherketek kobazuloan eraginik izan ez dezaten lubaki bat eraikitzea proposatzen dute, eta zirriborroaren arabera, Kostaldeei buruzko Legeak haitzuloaren mendi magala babesten jarraituko du. EAren mozioaren bigarren eskakizunak ildo hori jorratzen zuen, hau da, Kultura Sailari «beharrezkoak diren neurriak» hartzeko eskatzen zion magalak erabateko babesa izan dezan.

Gasteizko Legebiltzarrak atzo eztabaidatu zuen Jesus Mari Larrazabal legebiltzarkideak aurkeztutako proposamena eta horrek ez zuen aurrera egin. Aldeko 18 boto jaso zituen, 55 kontrako, eta bi abstentzio izan ziren bozketan.

«Praileaitz babesteko 100 metroko babesgune hori behar-beharrezkoa da, eta dekretuan sartzen ez bada, ez da behar bezala babestua izango», esan zuen Larrazabalek eztabaidan. Horrela, Industria Sailak egindako txosten bati egin zion aipamena: «Barregura ere eman zidan atzo gauean, txosten hori irakurri nuenean (...), ehun metro jarri, laurogei jarri, hirurogeita bost jarri edo berrogeita hamar jarri, txosten horrek, bart arratseko txosten horrek esaten duena da, hain zuzen, lubakia dela, eta besterik ez». Hala, «mirakuluzko lubaki horrek guztia konponduko duela» uste izatea leporatu zion PSEri.

Bere iritziz, haitzuloa «Kultura Ondarearen Legearen barruan sartu behar da, alegia, kobazuloa monumentua den bezala, hori kultura espazio berezi bezala kontsideratuz eta, beraz, Lege horrek ematen duen babesa bermatuz».

Gainerako taldeak

EAren proposamenari alderdi guztiek egin zizkieten zuzenketak, UPyDk izan ezik. Pilar Fuentes Hernandezen aburuz (PSE), Dekretu berrirako zirriborroak biltzen dituen proposamenak «teknikoki apelaezinak» dira, lubakiek «guztiz bermatzen baitute kobazuloaren segurtasuna». Are gehiago, «eskatutako txostenen arabera, lubakiak eskaintzen duen babesa 100 metro horiek ematen dutena baino handiagoa» dela argudiatu zuen.

Mendi magalari dagokionez, Hernandezek ez du uste Kultura Ondarearen Legeak Kostaldeen Legeak bezainbeste babesten duenik. Haren iritziz, Kostaldeen Legea «eraginkorragoa» da. «Gure taldeak, beraz -jarraitu zuen-, kobazuloa eta mendi magala guztiz babestuko duten formulen aldekoa da, baina, era berean, harrobia ustiatzen duen lantegiak (Zeleta S.L.) egin ditzakeen eskakizun ekonomikoak txikitzen dituzten aukerak» ere kontuan hartzen dituztela gaineratu zuen.

Ane Urkiolak (EAJ), PSEk iazko legegintzaldian afera honetan izan zuen jarrera gogoan izan ondoren, Gipuzkoako Aldundiak egindako ikerketez jardun zuen, eta bertatik ateratako ondorio eta datuak dekretuaren gaurkotzean kontuan hartzeko eskatu zion Blanca Urgellek zuzendutako sailari.

EBk, bere aldetik, harrobiaren jarduera geratzea ezinbestekotzat jo zuen eta PPk ere ustiapen horren arriskuez ohartarazi zuen. Aralarrek ere harrobiak ekar ditzakeen arazoei egin zien aipamen berezia atzoko eztabaidan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo