Durangoko zilar astea
Sarrionandiak landu «zilarra»ren distira plazara dakar Plateruenak
Durangoko estreinako Zilar Astea ekimenak Joseba Sarrionandia izango du ardatz, eta idazle miretsiaren obra ezagutaraztea helburu. Horretarako, Mendiguren editorea iurretarraren ipuingintzaz mintzatuko da; Le Petit Theatre de Pain lapurtar taldeak «Aulki hutsa» antzeztuko du; eta ekimenerako propio sortu «Koblakariak behar ditugu» ikuskizuna taularatuko dute. Eta bukatzeko, txango bat antolatu dute, «Sarriren memoriaren mapa» osatzeko asmoz.
Anartz BILBAO | DURANGO
Orain bost urte Landako plazan sortu zen Plateruena, eta Juan Cruz eta Antonio De la Fuente anaiei sor die izena. XVIII. mendeko zilargin edo plateruei buruz ari gara, lanbideagatik baino, euren kulturzaletasun eta euskalzaletasunagatik ezagunagoak baziren ere. Igor Elortza bertsolari ezagunaren esanetan, «txistulari, bertso eta doinu egile... herri kulturgileak ziren eta antzokiari espiritu horren aldarrikapenez jarri genion Plateruena». Eta aretoak orain Zilar Astea ekimena aurkeztu du, urteetan landuriko metal distiratsua plazara aterata.
Aste tematikoa da Zilar Astea, urtero eman nahi dutena aurrerantzean, «udaberri hasiera bueltan». Eta aurten, estreinakoaren ardatz, Joseba Sarrionandia idazlea hartu dute.
Joseba Sarrionandia aski idazle oparo eta ezaguna da gure artean, kantura eta antzerkira eraman diren sortzaileetan garrantzitsuenetarikoa. Eta 1985ean kartzelatik ihes egin geroztik, deserrian bizi da. Aurtengo San Fermin egunean, beraz, 25 urte beteko dira Sarri Euskal Herritik landa joan zitzaigunetik, eta 30 espetxeratu zutenetik.
Iurretarrari eskainiriko Zilar Astea datorren astean jorratuko da, martxoaren 24an eta 25ean, ekimen horretarako beren-beregi sorturiko «Koblakariak behar ditugu» ikuskizunaren estreinaldiarekin hasi, eta martxoaren 28an burutuko den «Ibilbide bat Sarriren memoriaren mapan» txangoarekin bukatu. Tartean, Le Petit Theatre de Pain taldeak «Aulki Hutsa» antzezlana emango du martxoaren 26an, eta Xabier Mendiguren Elizegi editorea iurretarraren ipuingintzaz arituko da larunbatean, hilaren 27an.
Ekimena itxiko duen ibilaldiko gidaria Alberto Errazti izango da -Plateruenako lehendakaria da egun-. Txangoa Landako plazatik abiatu (igandean, 10.00etan) eta Sarriren familia ardatz hartuta, Garaizar -aitaren aldeko jatorria- eta Goiuri inguruan -amaren aldeko jatorria- burutuko da. Eta tartean geldiuneak egingo dituzte, iurretarraren testuak irakurri eta oroimenak plazaratzeko (Aita San Migel plazan, San Mames ermitan, Axkorran edo Ertzilgo garaian, esaterako). Guztira, «ia aldaparik gabe» eta edonorentzat aproposa den hiru ordu inguruko ibilian, kontu-kontari eta kantari. Bueltan, akaso, «kopauren bat ere izango dugu Plateruenan».
Elkarlanean eta herritarren partaidetzarekin antolatu astean, San Agustin kulturguneak ere bere ekarria egingo du, eta «Aulki hutsa» antzezlana aurkeztu, martxoaren 26an (ostiralean, 22.00etan eta 5 euroren truke).
Sarrionandiaren testua ardatz duen «Aulki hutsa» antzezlana Le Petit Theatre de Pain taldearen sorkuntza bat da, eta Ander Lipus markinar antzerkigilea du zuzendari. Antzezle lanetan Manex Fuchs izango da, argiztapenaren arduradun Josep Duhau eta musikari Battitt Elissalde, Jean Christian Xanki Irigoyenek sortu duen musika joz.
Lapurtar taldeak webgunean honakoa dio antzezlanari buruz: «Erbestetik itzuli ezina den gizon batek, tragoa eskaintzen digu. Eta beste bat, bakartasuna traitzeko estakuruarekin. Eta azkena bideko. Musikari batek dantzari bihurtzen du edalearen egonezina, bere iritzi eta asmoek kantu debekatuen hitzak diruditela. Desterruan ondu den arnoa edateko gomita bat».
Denbora eta espazioa
Beste bi ekimen ditugu oraindik aipatzeke, modu batean edo bestean Literatura Eskolarekin loturikoak. Martxoaren 27an, larunbata, Joseba Sarrionandiaren ipuingintzaz berbaldia izango da iurretarraren editore lanak egin dituen Xabier Mendiguren Elizegirekin (10.00etan eta Udal Liburutegian).
Mendigurenek dioenez, eta Sarrionandiaren obra zabalaren barruan, hiru dira ipuin liburutzat hartu ohi direnak. Elkar argitaletxean plazaratu 1983ko «Narrazioak, 1985eko «Atabala eta euria» eta 1990eko «Ifar aldeko orduak». Eta aipatu liburuen aurretik eta ondotik ere emanak ditu ipuin batzuk han-hemenka, tartean «Enperadore eroa», «Maggie, indazu kamamila», «Denbora presentea eta denbora pasatua». Baita mikroipuinez osatu beste hiru liburu ere, «Ez gara gure baitakoak» (Pamiela, 1989), «Han izanik hona naiz» (Elkar, 1992) eta «Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk» (Erein, 1995).
Gaia zedarritzea komeni denez, mikroipuinak alde batera utzi eta lehenengo aipatu hiru lanak izango ditu Mendigurenek abiapuntu. Batetik, «apunte batzuk egin nahi nituzke Sarrionandiaren idazkeraz, garaiko beste idazlan batzuekiko testuinguruan, haren ekarpena zelakoa izan zen hobeki hautemateko». Eta bestetik, «ipuinetan zehar behin baino gehiagotan agertzen den gai bat aztertu nahi nuke: denboraren kontzepzioa -historiaren jarraipenaren linealtasuna versus betiereko itzuleraren mitoa-». Izan ere, aipatu gaia «inportantea iruditzen zait egilea ulertzeko, horren eskutik beste hainbat puntutara irits gaitezkeelakoan: patuaren indarra, heroiaren figura, amodioaren ikuspegia, engaiamenduaren zergatia...». Horra larunbat goizerako gidoia, eguerdian parte hartzaileen arteko bazkaria egiteko, Plateruenan bertan.
Zilar Astea irekiko duen «Koblakariak behar ditugu» ekimena bukaerarako utzi dugu, Plateruenak antolatu ekimenerako beren-beregi sortua baita. (Martxoaren 24an ikastetxeentzako emango dute Plateruenan, eta biharamunean ekitaldi zabalean, 20.00etan eta doan).
Diziplina anitzeko ikuskizuna da «Koblakariak behar ditugu», Gotzon Barandiaran, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi) eta Karrika antzerki taldea elkarlanean bildu duena.
Gotzon Barandiaran kulturgileak eman digu ikuskizunaren berri. «Plateruena Durango mailako kulturgintza sortu nahian zebilen, eragile ezberdinen artean». Literaturaren inguruan, «ikuskizun berri bat sortzea otu zitzaigun, Sarriren testuetan oinarritua eta haren obra ezagutaraztea helburu zuena». Eta orain urte batzuk, Iñigo Aranbarrirekin Literatura Eskolan landu «denbora eta espazioa» kontzeptuak hartu dituzte ardatz, iurretarraren ezaugarri nagusi direlakoan.
«Sarrionandiak bertso moldean eman ditu poema asko, eta antzerkiari ere garrantzia eman dio. Gainera oso kantatua izan da» eta ikuskizunak aipatu euskarri guztiak uztartu ditu, «koblakariak behar ditugula iritzita, lehengo zentzuan, herritik sortu eta herriaren ahots zirenekoa -Sarri bera izan daitekeena, bere deserritik Euskal Herrira begira-. Kultura herritik sortzea, azken batean, Plateruenak daraman ildoarekin guztiz bat datorrena, kulturgintza egitea».
Ruper Ordorikak «Martin Larralde» kantuan, eta Sarriren hitzetan, «inork ere ez du koblakaririk behar» kantatzen du, hain zuzen, behar direla esateko. Eta guztiz ados gaude, dio «Koblakariak behar ditugu» ikuskizuneko kide Gotzon Barandiaranek.
Zilar Astea martxoaren 28an itxiko dute, igandean, ekimen xume bezain bereziarekin. Plateruenako lehendakari Alberto Erraztik gidatuta, txango bat egiteko aukera izango da, Sarrionandiaren gurasoen jaioterrietan zehar. Plateruenatik abiatuta, eta aitaren aldetik, Garaizar aldera egingo du lehenengo ibilbideak, eta amaren aldera, Goiurira joko du gero, berriro Landako plazan bukatu eta kopaua egiteko. Tartean geldialdiak egin eta Joseba haur edo gazte zeneko oroitzapenak, «Akordatzen» (Txalaparta, 2004) liburuan idatzi zituenak, irakurriko dituzte, azalpenak ematearekin batera -toponimiaz eta beste-. Bukatu aurretik oparitxo bat ere izango da, Josu Zabala eta Alex Ruiz de Azua musikariek, Zarrabeitia ahizpen trikitixak eta Peru Madalena idazleak emana. GARA