GARA > Idatzia > Kultura

Bi tresna lexikal berri, Euskaltzaindiaren irizpide eta prozedurak ezagutzeko

Euskaltzaindiak bere «sukaldea» agerian dauka atzoz geroztik. «Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak» jardunaldien karietara, webgunean kontsulta daitezkeen bi tresna lexikal berri aurkeztu zituen. Batetik, Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), hau da, Hiztegi Batua osatzeko akademiak erabiltzen dituen irizpide eta dokumentazioa biltzen dituena. Bestetik, Lexikoaren Behatokia egitasmoa, ikerketa eta kontsultarako testu-corpusa prestatzea xede duena.
p048_f01_148x92.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Ez da orain arte ezkutatu dena, baina bai orain arte ezkutuan egon dena. Gaurtik edonork eskura izango du», azaldu zuen Andoni Sagarnak, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lan taldeko kide eta Iker sailburuak.

Orain arte, Hiztegi Batua kontsultatzean, hitz zerrenda bat baino ez zen ageri. Datu-base honi, ordea, dokumentazioa erantsi zaio. Hiztegi Batuko forma bakoitza erabakitzeko erabili diren txostenak, iritzi-emaileak, euskaltzain osoek egin dituzten oharrak eta hartu diren erabakien arrazoiak aurki ditzakegu HBO deituriko gunean. Modu honetan, errazago ulertu ahal izango da akademiak zergatik egin duen forma baten edo beste baten aldeko hautua.

Sagarnak «distira» hitzaren adibidea jarri zuen hobeto ulertzeko. Bertan ikusten da forma ezberdinetan idatzi izan dela: «diztira», «diztikor», «distirant»... eta azkenean «distira» izan da onartua.

Lexikoaren Behatokia

Bestalde, Lexikoaren Behatokia egitasmoa aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, hau ere webgunean eskura dagoena. Tresna honek ikerketarako eta kontsultarako testu-corpusa prestatzea du oinarrizko lana, etiketatua eta linguistikoki anotatua. «Euskarak egunerokotasun osoa duena barneratu egin du, inoiz jorratu gabeko alorretan dabil eta uste dugu akademiak zerbait esan behar duela», esan zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak.

UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatzen ari den egitasmoa da Lexikoaren Behatokia. Urrutiaren esanetan, Euskaltzaindiak hiztegigintza arloan darabilen prozedura aldatu egin du eta «beharrezkoa ikusten dugu prozedura berri horren berri ematea, prozedura berri hori zabaltzea jendearen artean, eta batez ere, euskalgintza arloan, egunero hizkuntzarekin lanean dabilen jendearen artean, hain zuzen ere. Teknologia berrien ikuspuntutik, Akademiak azken hiru-lau urteotan hartu duen ibilbidea ikusita, beharrezkoa ikusi dugu horren guztiaren azalpen publikoa ematea».

Horretarako, testu corpusa sortzeko, hainbat komunikabiderekin hitzarmena sinatu du Akademiak. Egunero idazten diren euskarazko testuak jaso, sailkatu eta aztertuko dituzte. Sagarnak azaldu bezala, «oraindik biraka dabil mundua eta agian hasi dira guk ez ditugun hitzak erabiltzen, behar dituztelako». 2009. urte bukaeran lau milioi testu-hitz zituen corpusak eta handituz joatea espero dute.

HBO

Hiztegi Batuko forma bakoitza erabakitzeko erabili den dokumentazioaren berri ematen duen datu-basea da, www.euskaltzaindia.net atarian nahi duenak kontsulta dezakeena.

LEXIKO BEHATOKIA

Ikerketarako eta kontsultarako testu-corpusa prestatzea du helburu eta horretarako hainbat komunikabiderekin hitzarmena sinatu dute euskarazko testuak Euskaltzaindiaren esku jar ditzaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo