GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Munduko aliantza berezienaren arazoa

Israelek inperio handien aliatu txikiei, lehentxeago edo geroxeago, gertatzen zaiena oso presente izan behar du; balizko aliantza alternatiborik ez du eskura; eta akordio politiko itxuroso eta egonkorrak lortu ahal izateko odol gehiegi isurarazi du ingurumari guztian

Ohiko zurikeria diplomatiko eta elkar lausengatu behar protokolarioen azpikoari erreparatu behar zaio Barack Obamak eta Benjamin Netanyahuk egin duten berbaldiaren benetako emaitzak igartzeko. Eta, edonola ere, argi dago Biden lehendakariordeak Israelera egin zuen bisitaldiaren erdian iragarritako asentamendu berriekin sutu zen krisia ez dela gainditu. Asentamentuetatik (edo Jerusalemen behin betiko statusetik; edota estatu palestinar sinesgarriaren sorreratik) haratago doalako sakoneko arazoa. Eta Netanyahuren gobernuaren berezko harropuzkeriak areagotu bai, baina areagotu besterik ez du egiten sakoneko auzi hori. Agintearen arazoa dei geniezaioke.

Estatu Batuek eta Israelek osatzen duten aliantza hain berezi horretan nork agintzen duen argitzea delako sakoneko auzia. Eta ez, askok uste duten moduan, Ekialde Ertaineko arazoetan Estatu Batuek nola edo hala gorde beharko luketen oreka edo inpartzialtasunaren arazoa (nahiz eta, ondorioz, hori ere baden). Horrexek deabrutzen du, gainera, korapiloa: auzian esku hartzen duen bakoitzarentzat ezinbestekoa dela agintea bere eskuetan izatea.

«Handienaren logika» edo, zuzenago, inperioaren logika deituko genukeenak eragiten die Estatu Batuei. Inperio orok, beste inperioekiko berdintasunezko tratuak (kasu honetan tokiz kanpo leudekeenak eta, gainera, behin-behinekoak izaten direnak usu, indar harreman onuragarriagoa lortu artekoak) alde batera utzita, nagusitasunezko aliantzak egiten ditu. Hau da, inperioaren interes orokor edo metropolitarrek lehentasuna duteneko tratuak. Txikiak handiarekin egin behar du bat, eta ez alderantziz, nahiz eta laguntasunaren ordainetan bere estutasunetarako laguntza eta babesa esperoko duen. Inperio estatubatuarra ez da inondik ere salbuespen izan jokamolde unibertsal honetan, eredu baizik: bere aliatu txikien behin-behinekotasuna nabarmentzen aparta izan dela esan daiteke. Israelen kasuan salbu. Estatu Batuen aliatu berantiar honi, hainbat estatubatuar ahaltsuk, Administrazioaren goreneko postuetatik aspaldi gabe, sinestarazi diote Batasunaren estatuetako edozein bezalakoa, edo gehiago, dela. Eta orain, neokontserbadoreen mozkorraldi doktrinarioen biharamunean, Obamaren inguruko «errealistei» dagokie txiki ustetsua «bere lekuan» ipintzea, inperioaren interes orokorrak galeraz ez ditzan.

Israelek, ordea, txikitasunetik bederen, ezin du onartu berak bere nahierara kudeatuko ez duen aliantzaren posibilitatea. Eta ez da «herri aukeratuaren» mesianismo kontua soilik. Inperio handien aliatu txikiei, lehentxeago edo geroxeago, gertatzen zaiena oso presente izan behar du; balizko aliantza alternatiborik ez du eskura; eta akordio politiko itxuroso eta egonkorrak lortu ahal izateko odol gehiegi isurarazi du ingurumari guztian. Aliatu handiaren indar osoa beti bere eskura eta aginduetara edukitzea ez beste aukera guztiak onartezinak gertatzen zaizkio jada. Iranek lor dezakeen arma atomikoaren inguruan zertzen dena adibide bat besterik ez da.

Aliatu handiaren aurkako probokazioak hasi besterik ez dira egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo