GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Josu Jimenez Maia Idazlea

Pablo maitea

Lehengo egunekoa ez zen nolanahiko kontzertu bat izan Iruñeko Gayarre antzokian. Pablo Milanesek, betiko Pablitok, Iruñera etorri, abesti sorta hunkigarri bat eskaini, entzule ia-ia guztiak bereganatu, eta «Txoria txori» kantarekin bahitu zigun bihotza.

Aitortuko dut Kubako abeslariaren betiko kanta horietako batekin baino gehiagorekin -Yolandarekin, adibidez- malkoren bat isuri nuela; zer nahi duzue, bada, ni horrelakoa naiz, eta bizitzaren garratzak askotan negarra eragin didanez, nik nahi dudanean negar egiteko eskubidea aldarrikatzen dut, baita plazerez eta gozamenez ere.

Gure Pablok ederki daki uztartzen betiko kantak eta horren ezagun ez diren kanta berriak. Gainera, teklatuarekin eta biolinarekin lagundu ziotenen lana zoragarria izan zen.

Baina apoteosia bukaera-bukaeran izan zen: «Beste bat, beste bat» eta bis bat egitera atera zen: txalo zaparrada ederra. Berriz atera behar izan zuen «Gora Kuba»-ka ari zirenei ordaina ematera. Beste txalo zaparrada eder bat eta Pablorekin batera kantatzeko aukera berriz izatea apoteosikoa izan zen: bukaeraren bukaeran Pablitok harritu gintuen «Txoria txori» kantarekin. A ze txalo zaparrada! Ene, Pablo! Nola ezagutzen gaituzun!

Gaueko unerik hunkigarriena «Txoria txori» kantaren unea izan zen... Baina hori bezain aipagarria, haatik, UPNko agintari zenbaiten jarrera antzokiko euren palko nagusian. Gayarre antzokiko entzule asko eta asko atzera begira ibili zen palko nagusian zeuden agintariei begira, besteak beste, Nafarroako Gobernuko Miranda kontseilaria, Sergio Sayas UPNko parlamentaria... Horiek eta enparauek ez zuten «beste bat» eskatu, ez «gora Kuba» oihukatu: batzuek itxurak egiteari eutsi zioten, baina beste batzuek ez zekiten zer egin: listua irentsi ala eskuzarta hotzak jo? Agintarien eta beste guztion arteko arrakala sakona nabarmen gelditu zen.

Agintariek, besteok ez bezala, ez zuten segur aski sarrera ordainduko; gonbidatuak izanen ziren noski. Baina bada beste zerbait bereizten gaituena: sentimendua. Agintarien eta entzuleen arteko dibortzio-ereserki bihurtu ziren Joxanton Artze poetaren hitzak, Mikel Laboari esker, ezagunagoa bihurtu zen «Txoria txori» olerkia. Agintariek, aldiz, ez zuten beste guztiokin batera «Txoria txori» kantatu. Hunkituta eta liluratura atera ginen gehienok Gayarre antzokitik lehengo egunean. UPNko Mirandak, Sayasek eta enparauek sekula gozatuko ez duten zerbait eraman genuen Gayarretik gau gogoangarri batean: Pabloren xarma.

Esker ona adierazteko, Pablo Milanesek besoak zabaldu zituen, oso berea duen keinua eginda. Pabloren besoak azken txoriaren hegoak begitandu zitzaizkidan. «Hegoak ebaki banizkio», ez zen Pablo Milanes izango.

Gau gogoangarri baten ondotik, eskerrik asko, Pablo maitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo