GARA > Idatzia > Euskal Herria

Milaka kartel itsatsi dituzte Euskal Herri osoan Aberri Egun bateratura dei eginez

p017_f02_097x096.jpg

GARA |

Aberri Egun bateratura dei egiten duten kartelak jarri zituzten atzo arratsean Euskal Herriko herri eta auzo guztietan. Hain justu ere, Aberri Eguna lehen geltoki izango duen Independentistak herri mugimendu berriak jakinarazi zutenez, kartelak jartzeko herri bakoitzeko udaletxe aurrean biltzera egin zuten deialdiari erantzunez, lagun andana agertu ziren laguntzeko prest. Zehazki 16.000 ale itsatsi zituzten Euskal Herriko bazter guztietan.

«Aberri Egunaren deitzale kopuruan izandako arrakastaren ondoren, kartelak auzolanean jartzeko deialdiak ere, erantzun ezin hobea izan zuen», adierazi zuten independentistek.

«Laguntza beharko da»

Horrela, Independentistak saretik ekimenaren balorazio «oso ona» egin zuten. Era berean, Aberri Eguneko deia zabaltzen laguntzeko gomita egin zieten herritar guztiei, bai kartelak itsatsiz, bai Internet bidez zein «ahoz aho» ingurukoei deialdiaren berri emanez.

«Adi egoteko» ere eskatu zuten, «deialdi berriei erantzuteko prest»; Aberri Egunari begira ere «auzolanean jarduteko laguntza ugari beharko dugulako».

«Nazioa gara. Estatua behar dugu» lelopean ospatuko da Aberri Egun bateratua apirilaren 4an, Hendaia eta Irun artean. Goizean, 11.30ean, Hendaiako Gazteluzar frontoitik eta Irungo Txanaleta plazatik manifestazio bana irtengo dira Santiago zubi historikora. Orain astebete, ekimena aurkeztean, adierazi zuten gisan, «besarkadaren Aberri Eguna izango da honakoa, aurrez aurre jarriko gaituena, elkarri begira». 1932an egin zen lehen Aberri Egunaren pareko jaia egitea dutela helburu azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo