GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urrats berria emango du Hamaika Bil Gaitezen-ek

5.000 lagun bildu zituen mobilizazioaren ostean, aurrera egin du Hamaika Bil Gaitezen ekimenak Nafarroan. Ardurak alderdien gain uzteko joera baztertuta, independentisten arteko hausnarketa sustatuko dute: «Herritarrak bilgune berriak sortzeko pizgarri izan gaitezke».
p019_f02.jpg

GARA |

Bi hilabete baino ez darama lanean Hamaika Bil Gaitezen herri plataformak, baina jendetza bildu du elkarlana bultzatzeko igorri duen mezuak. Duela bi aste pasatxo, esaterako, bere deiari jarraiki, 5.000 lagun atera ziren kalera, independentzia aldarrikatzera. Atzo pozarren agertu ziren ekimeneko kideak horregatik, eta aurrera egiteko prest.

Ondorioztatu dutenez, manifestaldi eta ekimen jendetsuetatik haratago, eginbehar nagusi bat dago: «Ezkertiar eta independentiston artean sortzen ari den konplizitatea da nabarmentzeko gako nagusia. Alderdi politikoek duten ibilbideari erreparatu gabe, edo hobeto esanda, ibilbide politikoan eragiteko asmoz, jendartea, pertsonak, lehen mailako aktore bilakatu behar dugu».

Hasieratik egin duten bezala, Nafarroako ezkertiar eta independentistei luzatzen diete mezua, herritarrei, eta ez alderdi politiko edo gainerako erakundeei. Garrantzitsutzat jotzen dute behetik ekitea: «Izan ere, alderdienganako delegazionismoak bide okerretik eraman gaitzake, eta ezin dugu ahantzi hauteskunde urtean sartzen ari garela», nabarmendu zuten atzoko agerraldian Bakartxo Ruizek, Arantza Iturrartek, Joxe Manuel Alemanek eta Karmele Galartzak.

«Zeren baitan bildu?»

Egun hauetan, manifestazioaren ondoren, «etorkizunaz galdezka etorri zaizkigunak asko dira», aipatu zuten. Hori dela eta, hurrengo asteotan «dinamikaren sustatzaile, parte hartzaile edota babesle izan direnekin solastatu nahi dugu. Nafarroako ezkertiarrak eta abertzaleak elkarlanean jardutea aldarrikatuko duen herri ekimena beharrezkoa al da? Guztien artean hartuko dugu erabakia».

Horretarako, hitz egitea beharrezko ikusten dute: «Izan ere, lelo orokorretatik haratago, mamiari heltzea falta dela uste dugu. Nola, zertarako, zeren baitan bilduko diren Nafarroako euskaldun ezkertiarrak. Eztabaida mamitsu, interesgarri eta, nola ez, ezinbestekoa. Herritarrak, bilgune berriak sortzeko pizgarri izan gaitezkeela deritzogu», baieztatu dute. Hausnarketa hori «lasai eta modu parte hartzailean» egingo dute, eta «erabakiak hartuta ditugunean emai- tzen berri emango diogu Nafarroako gizarteari», gaineratu du Hamaika Bil Gaitezen-ek.

Aipatu manifestazioan sentsibilitate desberdinetako herritarrak bildu ziren. Arlo politikotik ezker abertzaleko eta EAko ordezkariak agertu ziren, baina gizarteko beste arlo askotatik ere jendetza batu zen.

Bide batez, Aberri Egunari begira Independentistak sareak deitutako ekitaldiarekin bat egin dute, «bateratzeko asmoa baita geurea ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo