Asier Olaizolari lesioak ez dio galeraziko Buruz Burukoa jokatzea
J.O.
Hasiera batean kontrakoa uste izan bazen ere, atzo goizean egindako erresonantzia magnetikoak albiste onak ekarri zizkion Asier Olaizolari, larunbatean Labriten egindako lesioa ez dela larria berretsi baitzuen. Iñigo Simon medikuak emandako txosten medikuaren arabera, Goizuetakoak ez du gihar hausturarik, baina hamabi egun eman beharko ditu pilotalekuetatik at, beharrezko tratamenduari jarraituz.
Beraz, ez dirudi Asier Olaizolak Buruz Burukoan parte hartzeko inolako arazorik izango duenik, enpresak hala nahiko balu, ezta, pentsatzen ari den bezala, enpresako pilotarien artean aukeratzeko aurre kanporaketa bat antolatzea erabakiko balu ere. Badirudi, Bilboko enpresan Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea direla lekua ziurtaturik duten bakarrak eta ez da baztertu behar apirilaren 11n sailkatze partida hori jokatzea, eta hala balitz, ordurako Goizuetakoak jokatzeko moduan egon beharko luke.
Printzipioz, Asier Olaizolak berak, Beginok eta osatzen ari den Patxi Ruizek izan lezakete partida hori jokatzeko aukera, nahiz eta normalena bi lehenen arteko lehia litzatekeen.
Sarrera guztiak salduta
Ohikoa den bezala, salgai jarri eta ordu gutxira saldu ziren atzo apirilaren 4an Gasteizen jokatuko den Binakako txapelketako finalerako sarrera guztiak. Ogeta Euskal Herriko pilotaleku laburrik handiena den arren eta sarreren prezioak 30 eta 130 euro bitartekoak izan diren arren, Mendizorrotzako pilotalekua goraino beteko da hurrengo igandean.
Bigarren maila
Bigarren mailakoari dagokionez, gaur aukeratuko dute Labriten, larunbatean Saralegi-Eskudero eta Arretxe II.a-Ibai Zabalak jokatuko duten Binakako txapelketarako materiala, 11.30ean.
Bestalde, Buruz Burukoa hilaren 30ean aurkeztuko duten arren, enpresek dagoeneko txapelketa horretako partidak iragarri dituzte. Aspek igandean Eibarren Cabrerizo eta Urberuagaren artekoa, Asegarcek, bere aldetik, astelehenean Tolosan Diaz-Olaetxea eta Mendizabal II.a-Belloso. Azken honek gainera, final hamaseirenetako partidak direla iragarri du.
Beraz, ondoriozta daiteke bigarren mailako txapelketa honek ez duela lehen mailako lehiaketa sistema bera izango. Zortzi pilotari baino ez dira ariko bertan.