GARA > Idatzia > Kirolak

Motoziklismoa Efren Vazquez Munduko Txapelketaren atarian

«Podiumera igotzea» da aurtengo helburu nagusia

Aurrendenboraldian «lan handia» eginda, lorturiko emaitzekin «oso pozik» azaldu zen Errekaldekoa.

p044_f01_111x111.jpg

Arnaitz GORRITI

Daukanarekin nekez konformatzen da Efren Vazquez. Munduko Txapelketara iristea lortu gura zuen duela pare bat urte, eta erdietsi zuen, Estatu espainoleko txapelketa bereganatzen zuen bitartean. Ondoren, munduko aurreneko hamarretan sailkatzea zuen xede, eta gauzak nahi bezala ez aterata ere, asko ikasi eta hobetu zuen Errekaldeko pilotuak. Aurtengo denboraldiari begira, berriz, beste urrats bat harantzago joan nahiko luke bilbotarrak. Hori adierazi zuen behintzat atzoko prentsaurrekoan. «Podiumera igotzea da nire helburua», onartu zuen.

Apirilaren 11n Qatarko Losail Circuiten hasiko da aurtengo Motoziklismo Munduko Txapelketa, eta 125 zentimetro kubikoen mailan aurrenekoen artean egon nahi du Efren Vazquezek. Azken bi urteetako eskarmentua lagun eta Derby talde indartsuak emandako motor ofiziala bidelagun hartuta, Errekaldekoa aurreko denboraldietan egindakoa txiki uzteko irrikaz dago, Chesteko eta Jerezeko zirkuituetan egindako lan onarekin pozarren.

«Iaz aurredenboraldirik ia ezin izan genuen egin, lesioak zirela-eta. Aurten, berriz, ez dugu inolako arazorik izan eta, bai euripean, bai eguzkipean, oso azkar ibili gara. Adibidez, Valentzian inoizko denborarik onenak egin ditugu eta Jerezen ere, nahiz eta itzuli azkar baten faltan geratu, oso maila polita eman dugu. Gure mailan izango diren gainerako pilotuen denborak kontuan hartuta, aurreko multzoan ibiltzeko aukera daukagula esango nuke», adierazi zuen.

Prestaketa fisikoa

Pilotu bizkaitarrak garrantzi eskerga eman zion aurredenboraldian egindako «prestaketa fisikoari». «Qatarren 26 edo 27 itzuli egingo ditugu, eta han azken itzulietan aurrean izateko lan handia egin dugu. «Iaz eskas ekin genion denboraldiari, eta nahiko ondo amaitu genuen; nire ustez, dagoeneko iazko azken lasterketetako maila gainditu dugu, baina beste urrats bat eman behar dugu: podiumean sartu eta lasterketaren bat irabazten saiatu».

Munduko Txapelketa irabazteko hautagaiei buruz galdeturik, lau izen eman zituen Vazquezek. «Txapelketako aginte makila nire taldekide Pol Espargaro, Nico Terol, Schmidt eta Marc Marquezen artean eramango dutela esango nuke. Nire helburua aurrean ibiltzea delarik, haiengandik ahalik eta hurbilen ibili beharko dut».

Alabaina, pazientzia hartu beharra azpimarratu zuen Herri Torrentegiren mutilak. «Ezin gara urduri jarri. Qatarren hastera goazelarik, burua sendo mantendu behar dugu Munduko Txapelketa amaitu arte».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo