Langabezia eta eskasia jasaten dituztenen egonarria, administrazioak lotsarazteko modukoa
Osteguna arte itxaron barik, atzo Bilbotik, Bizkaiko Aldundiaren egoitzatik, abiatu eta Plaza Biribilerainokoa egin zuen prozesio bitxi batek «Santa Pazientziaren» gerizpean. Krisi ekonomikoak gehien kolpatzen dituenek egonarri handia behar baitute babes sozialerako aurrekontuak gero eta murritzagoak direla ikusita. Langabezia eta eskasia jasaten dituztenek erakusten duten egonarria antzeztuta, irudimena erakusteaz gain, umorea ere erakutsi zuten prozesioa antolatu zuten gizarte kolektiboek, baina batez ere horrenbeste familia eta gizabanakok bizi duten egoera zaila salatzeko premia. Eta bada zer salatua. Esandako murrizketetatik gizarte laguntzen kudeaketara. Izan ere, Lakuako Gobernuak iragarritako murrizketek ez dituzte Ondarearen Zerga kendu dietenak kaltetuko, hain justu, eta murrizketok gutxi balira bezala, gizarte zerbitzuek lehengo langile kopuru bera izanda, askoz pertsona gehiagoren eskaerez arduratu beharra dute; ondorioz, espedienteak ebatzi arteko epea bederatzi hilabetekoa izan liteke.
Umorea, negar egiteko moduko egoera salatzeko. Administrazioak lotsarazteko moduko egoera salatzeko, alegia.