Jon Aleman Nafarroa
Mendizabal joan zaigu
Jose Maria Mendizabal azkeneko aldiz iazko sanferminetan ikusi nuen zutikako enbor bat ebakitzen. Gero, kirol ariketetan, bi motozerrazalek ordu batean-edo, beren lan tresnekin «zizelkatu» bi eskultura zozketatu zituzten, diru poxi bat ateratzeko, ustez, gastuetarako edo Herri Kirol Federazioarentzat. Han ikusi nuen Jose Mari ilusio handiz zenbaki tira parrastada eder bat erosten. Eskultura haietako bat euskaratzeko mutiko koskor baten ilusioarekin ez bazen, eta nik uste hala zela, Federazioari bere laguntzatxoa emateko izanen zen. Ez zait inporta, bere ilusioak ni ere ilusionatu ninduen, gazteturik ikusi nuen. Garai hoberenetan bezala ikusi nuen, eskuzabal.
Gero, hilabete batzuetara Olasagastirekin egin zuen apustuaz jakin nuen; harridura lehenbizi eta hotzikara sentitu nuen gero. Apustura joan ala ez joan? Ez nion usain onik hartu. Premonizio txar bat sartu zitzaidan buruan. Edozein gauza gerta zitekeen. Behin baino gehiagotan burura zetorkidan kontua zen. Joan ala ez joan apustura? Ongi bukatuz gero, zoragarri izan zitekeen berriz ere lehengo aizkolaria erronka gogorrei ekiten ikustea. Baina nire gogoetak ez ziren... Lau kanako enborrek ikara sartzen zidaten. Edozer gauza...
Behar eta nahi nuen zerbait aitzakia Tolosara ez joateko, eta hala gertatu zen; Nafarroan euskaraz ikasketak egiteko aukera ere ez dugun honetan, euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko manifestapena zen egun eta ordu berean. Ez, ez nintzen joanen Tolosara; burutik kendu eta atzendu nuen. Nire lekua euskararen aldeko aldarrikapenean zegoen. Zuk rifa tirak erosten izan zenuen ilusio bera bihotzeratu zitzaidan zorigaiztoko Nafarroa honetan, niri ere, beharbada, egokituko zitzaidala euskaraz ikasteko eskubidea izatea.
Beti gogoan izanen ditugu, apustuak irabazteko jartzen zenuen indarra eta egiten zenuen prestaketa zorrotza. Beti izanen zaitugu gogoan zure apustu grina nahiz eta behin baino gehiagotan, hau zela eta bestea zela, zalegoak huts egin. Beti izanen zaitut gogoan Mindegiarekin jokatu zenuen «mendeko apustua» ikusi ahal izan ez nuelako, zoritxarrez. Eta gogotik ez dut ezabatua «Argia»n egin zizuten elkarrizketa zoragarri hura (merezi luke berriz argitaratzea), zeinetan aizkolaria izateaz gainera, buru argia erakutsi zenuen. Mendizabal, Nafarroako txapelduna, Euskal Herrikoetan pare bat aldiz edo atarian gelditua, baina «huts» horiek guztiak niretzat estaltzen dituena eta estaliko dituena da joan den mendeko apusturik harrigarriena zuk irabazi izanak. Han jo zenuen aizkolarien gailurra eta nik ikusi ez. Aldiz, azken enborra zutik ikusi ez izanaz kontent nago eta triste nago.
Joxe Mari, apezak zure hiletetan esan zuen bezala, laugarren enborra Zeruan ebakiko duzu.
Mendizabal, inoiz zuri eskua emateko aukera ez nuen izan; gaur, tori bostekoa eta besarkada estu bat. Ibili ongi.