Pasaitarrek erabakimena izateko, ituna sinatu dute ezker abertzaleak eta EAk
Pasaiaren etorkizunak zer-nolakoa izan behar duen erabakitzeko eta eraikitzeko, Pasaiako Ituna sinatu dute Pasaiako ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak; bide batez «ugariak eta eskandalagarriak» diren esku-hartzeei aurre hartu nahi diete bi indar politikook.
GARA |
Pasaiako etorkizuna eraikitzeko oinarri demokratikoak biltzen ditu EAk eta ezker abertzaleak atzo Trintxerpeko Alkateordetzan izenpetu zuten Pasaiako Itunak. Bertan, Pasaia herria «erabaki esparrua», eta bertako biztanleak, «erabaki subjektuak» direla nabarmendu, eta horren defentsan lan egiteko konpromisoa berresten dute bi indar politikoek.
«Ugariak eta eskandalagarriak» deritzote azken urteetan superportuaren aferagatik Pasaiak eta pasaitarrek jasan dituzten «esku-hartze eta injerentziak», besteak beste, Gipuzkoa- ko Aldundiak Udalari kendu izana udalerriko etorkizun urbanistikoa definitzeko eskumena, eta Gipuzkoa Aurrera gisako erakundeen sorrera. Lakuak berak ere, eskumenak bereganatzeko xedez, hainbat lege diseinatu egin dituela salatu zuten agerraldian, eta Portu Agintaritzari udalerria antolatzeko ahalmena aitortu izana ere bai.
Hamar oinarri demokratiko
Halako erabakiek pasaitarrek beren etorkizunari buruz eztabaidatzeko, proposamenak egiteko eta erabakiak hartzeko duten eskubidea urratu nahi du- tela deritzote bi taldeek. Egoera horri aurre egiteko hilabete luzeetan egindako hausnarketaren emaitza dela azaldu dute Roberto Lopez de Etxezarreta eta Aritz Perez EAko ordezkariek, eta Maider Zigandak eta Obdu Lorenzok, hurrenez hurren, Pasaiako alkate eta zinegotzi independentistek, sinatutako akordio politikoa.
«Inor ez dadila kanpotik etorri gure herrian zer egin behar den erabakitzeko», esan zuen Lopez de Etxezarretak Itunak jasotzen dituen hamar oinarri demokratikoak aurkeztu aurretik.
Herriaren etorkizuna definitzeko, Pasaia dela «eszenatoki egokiena» adierazten du lehen oinarriak, eta horretarako, udal mailako lan politikoa badagoela mahai-gaineratzen du. Gainerako erakundeen ekarpenak kontuan hartuak izango diren arren, erabakiak hartzerakoan kanpoko esku-hartzerik ez dutela onartuko adierazten du Itunak, Udala delako, sinatzaileen arabera, pasaitarren ordezkaritza duen erakundea. Alta, erabakitze prozesuetan, herritarrei beharrezkoa den informazio guztia eskura jartzeko konpromisoa bere egiten dute Itunean.
Kanpoko portuari dagokionez, erabakia herritarren borondatearen araberakoa izan behar dela diote. Halaber, badiako biziberritzea ezin dela baldintzatu, ezta atzeratu ere, adierazten dute.
Lur horien erabilera portuaren eta herriaren arteko bateragarritasunaren ikuspegitik gauza dadin, udal estrategia bat planifikatzeko eta garatzeko konpromisoa hartzen dute bi alderdiek akordioan, eta hori Udalak onartu behar duen «Plan Berezia» dela sostengatzen dute.
Azkenik, La Herrera ingurua biziberritzea «atzera ezinezkotzat» jotzen dute EAk eta ezker abertzaleak, eta hura definitzeko Udalak abiarazitako parte-hartze prozesuaren emaitzak errespetatu eta bultzatzeko konpromisoa hartzen dute biek.
Indar politikoen arteko hitzarmena dela argi utzi nahi izan zuen Lorenzok, eta ez Udalean dauden bi alderdiren akordio instituzionala; izan ere, egun EAk ez du ordezkaritzarik Pasaiako Udalean.
Adostutako oinarri demokratikoak beste indar politikoei, sindikatu, gizarte, kultura zein kirol eragileei eta pasaitar orori helaraziko dizkietela hitzeman zuten azkenik bi taldeetako kideek atzo eskainitako agerraldian.
Pasaiako Ituna bi indar politikoen arteko «akordio politikoa» dela nabarmendu zuten agerraldian, eta ez Pasaiako Udaleko bi taldeen «akordio instituzionala».