Hizkuntza gutxituen aldeko legea beharrezkoa dela berretsi du Ikas Bi-k
Maite UBIRIA |
Ikas Bi-k, eskola publiko elebiduneko ikasle elebidunen gurasoen elkarteak, 2004. ikasturtean Paueko auzitegian ezarritako helegitea atzera bota du Bordeleko Auzitegi Administratikoak. Eskola batzuetan izan diren irakasle elebidunen hutsuneak betetzeko eta azterketak euskaraz egiteko eskaerak aitzina eramateko jo zuen elkarteak auzitegira. Auzia galdu eta gero, bide hori agortutzat eman du Ikas Biko presidente Thierry Delobelek. 2008. urtean Estatu frantseseko Konstituzioan hizkuntza gutxituen alde egin zen aldaketak onurarik ez duela ekarri agerian utzi du, eta horrek legea beharrezkoa dela erakusten duela adierazi du.
Ikas Biko ordezkariek, auzian aritu den abokatuarekin batera, Bordeleko auzitegiaren ebazpena deitoratu dute. Raynal Violante abokatuak «epailearen ausardia falta» nabarmendu du. Administrazioak sare elebiduneko gurasoen eskakizunei ematen dien erantzunak frogen gainean azterketa sakona burutu gabe egiten duela nabarmentzen du, abokatuaren aburuz.
Ikas-Biko presidente Thierry Delobelek iragarri du ez dutela berriz Bordeleko auzitegiak emandako erabakiaren aurkako helegiterik aurkeztuko. «Denbora eta dirua alferrik galtzea litzateke», azaldu zuen.
Bestalde, FLAREP federazioaren barruan, alsaziar, korsikar eta bretoiekin batera, hezkuntza elebidunak Estatu frantsesean «koadro egonkorra» izan dezan borrokatuko da Ikas Bi.
Otsailaren 9an elkarte horretako ordezkaritza bat lehen ministro frantziarraren kabinetearekin bildu zen. Alta, «gure es- kakizunen aitzinean inolako interesik ez zuten agertu», erran zuen Delobelek.