Lazio eta Piemonte irabazi ditu Berlusconik, Lega Nord alderdi xenofoboari esker
Italiako zentro-ezkerrak ez die etekinik atera Silvio Berlusconiren eskandaluei, eta kontrolpean zituen sei eskualde galdu ditu, artean Lazio, Piemonte eta Campania. Halere, garaipena Berlusconirena berarena baino, Umberto Bossiren Lega Nord alderdi xenofoboarena da.GARA |
Italiako zentro-ezkerrak ez zion Estatu frantsesaren ereduari jarraitu, eta igandean eta astelehenean izandako eskualde-hauteskundeetan atzera egin zuen Silvio Berlusconi lehen ministroaren eskuinaren aurrean.
Hauteskundeak izan aurretik, bozketak egin ziren hamahiru eskualdeetatik hamaika zeuden zentro-ezkerraren eskuetan, eta bi baino ez eskuinaren kontrolpean. Orain, berriz, zazpi gelditu dira zentro-ezkerrarentzat eta sei Berlusconi zuzentzen duen eskuinarentzat.
Dena den, eskuinak egin duen aurrerapen honen meritua ez du Berlusconik, Lega Nord aliatu xenofoboak baizik, Italiako iparraldean indar nagusia bilakatu delarik.
Modu honetan, Erreformetako ministro Umberto Bossiren alderdia indartzen da Popolo della Liberta (PdL) eskuineko koalizioaren barnean, Berlusconiren Forza Italiaren aurrean.
Eskuinak irabazi dituen azken bi eskualdeak Piemonte (Turin hiriburu) eta Lazio (Erroma) izan dira. Piemonten lehia estua izan da azken ordura arte, baina azkenean eskuineko Roberto Cota gailendu da, tradizioz zentro-ezkerraren kontrolpean zegoen eskualde hori bereganatuz.
Emilia Romagnan (Bologna) eta Toskanan (Florentzia) zentro-ezkerrak aginteari eustea lortu du, baina Bossiren alderdiak gora egin du.
Lazion arazo ugari izan zituen eskuinak hautagai aurkezteko, epaileek legez kanpokoa izan zela adierazi zutelako. Azkenean, dena den, Renata Polverini eskuindarra izan da garaile.
Campanian (Napoli) zentro-ezkerrak ere boterea galdu zuen, gobernadorearen ustelkeria-eskandalu baten ostean.
Lombardian (Milan) eta Veneton (Venezia), Lega Nord alderdiak duen boterea erakutsi zuen, eta erraz gailendu zen.
Campaniako gobernadore ohi Antonio Bassolino (Partito Democratico) epaitua izango da, zaborren kudeaketan funtsak bidegabe erabiltzeagatik.