Champions Leaguetik bi puntura
Denboraldi onenetako zenbakiak errepikatzen ari da talde zuri-gorria
A.U.L.
Racingen aurkako garaipenak sekulako bultzada eman die Athleticen nahiei. Sailkapeneko postua indartzeaz gain, zuri-gorriek denboraldi onenetako zenbakiak errepikatzen jarraitzen dute, eta iazko denboraldi osoan lortutako puntuak ere gainditu dituzte.
Aurreko urteotan behin bakarrik heldu dira 29. jardunaldira egun dituzten 45 puntutik gora lortuta, 97/98 denboraldi bikainean hain zuzen. Orduan taldeak, Luis Fernandezen eskutik, bigarren postuan amaitu zuen, eta historian lehen aldiz Champions League lehiatzeko sailkatu zen.
Handik lau urtera, Jupp Heynckes entrenatzaile zela, gertu ibili ziren bilbotarrak, eta lehen 29 jardunaldietan 45 puntu eskuratu zituzten. Urte hartan, ordea, sekulako beherakada izan zuen taldeak azken txanpan eta bederatzigarren postuan amaitu zuen Liga.
Bi urte itxaron behar izan zituen Athleticek Europara itzultzeko. Ernesto Valverderen eskutik lortu zuen, denboraldia bosgarren postuan amaituta. Urte hartan ere, 29. jardunaldian bosgarren zen taldea, puntu bat gutxiagorekin. Etsaien abantaila, baina, sekulakoa zen: 9 puntukoa zen aldea laugarren sailkatuarekiko (Deportivo) eta 11koa hirugarrenarekiko (Bartzelona). Aurten, Sevillak adina puntu dituzte bilbotarrek eta Mallorcak -Europan sartzen bada, arazo ekonomikoak gainditu beharko dituena- baino bi gutxiago bakarrik.
Athleticek bere alde ditu aurretik dituen bederatzi partida hauetan azken asteotan nabarmen indartu duen konfiantza eta egutegia -bost neurketa jokatuko ditu San Mamesen, behealdeko aurkarien eta aurkari zuzenen aurka-. Aurka, berriz, etxetik kanpo zain dituen talde zailak, Bartzelona eta Real Madril, besteak beste.
Orbaizen zain
Nou Campeko partidarako, bestetik, Fran Yeste berreskura dezake Joaquin Caparrosek, basauriarrak zigorra bete eta, atzoko lan saioan ikusi zenez, lesioa ere gainditu baitu.
Zalantzak daude, berriz, Pablo Orbaizen kasuan, dagoeneko bi partidako zigorra bete duen arren, oraindik Getaferen aurkako neurketan egin zuen orkatilako bihurritua ez baitu guztiz gainditu. Ander Iturraspe, beraz, hirugarren jardunaldiz jarraian izan liteke hamaikakoan.
Iker Muniainek jokatuko duen ere ikusteko dago, nafarrak Bilbao Athleticekin jokatuko baitu gaur Leonen.
Atzo jakinarazi zuten, bestetik, hurrengo partidak zein ordutan jokatuko diren. Athletic eta Almeriaren arteko norgehiagoka, 31. jardunaldiari dagokiona, San Mamesen jokatuko da apirilaren 11n, 17.00etatik aurrera. Carlos Clos Gomez zaragozarrak zuzenduko du partida.
Lau egunera, apirilaren 15ean, zuri-gorriek Valentzia bisitatuko dute. 22.00etatik aurrera izango da eta La Sextak zuzenean eskainiko du.