GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz Buruko Promozio Txapelketa

Hautagaiak ugari, sariak urri

Eraberritutako bigarren mailako txapelketak bi multzo izango ditu final-laurdenetan, ligaxka eran jokatzeko.

Jon ORMAZABAL

Enpresek lehen mailako txapelketarako izen handien alde egindako apustuak «maila ertaineko» pilotariak kaltetu ditu gehien. Izan ere, beste aldaketa nabarmen bat gertatu ezean, saria urri eta hautagaiak ugari baititu atzo aurkeztu zuten promozio txapelketak. Txapelaz haratago, hurrengo urtean handienekin jokatzeko aukera zen pilotari gazteek bigarren mailako lehiaketan lortu nahi izaten zuten saria, baina Mikel Beroizek iaz kantxan lortutakoak ezer gutxirako balio izan dio, aurten ere sarri itzalpean geratzen den txapelketa honetan jokatu beharko baitu. Konparazio batera, aldeak alde, pentsa zertarako balioko liokeen Realari Bigarren Mailako txapeldun izateak, datorren urtean izarren ligan jokatzerik izango ez balu.

Jakina da kirol profesionalean interes ekonomikoek agintzen dutela eta Uharteko atzelariaren kasua ez da ez lehena ez bakarra. Urrutira joan gabe, iazko emaitzak kontuan izanda, lehen mailakoan final-zortzirenetara bi kanporaketa pasata heldu zen Xabier Urberuagak elitean leku bat mereziko luke, baina igandean Eibarren Cabrerizoren aurka galdu ostean, bigarren mailako honetan ere ez du lekurik izango. Apur bat atzerago jota, 2002an aurki dezakegu Beroizi gertatu zaion egoera horren antzeko beste bat: Xalari bigarren mailako txapela irabazi zion Aritz Berraondok bigarren mailakoan jokatu behar izan zuenean. Kepa Peñagarikanok irabazi zion antzuolarrari hurrengo urtean Zarautzen jokatutako finalean.

Gauzak horrela, ezerezean gera daitekeen sari bat eskuratzeko lan ugari egin beharko dute pilotariek, ez bakarrik koadroan azpitik hasten direnek zazpi partida jokatu behar izango dituztelako, baizik eta asko direlako ekainaren 13an jokatuko den finalean txapela janzteko hautagaiak. Esaterako, lehen mailan aritutakoak diren hainbat, Iñigo Leiza, Peñagarikano, Julen Retegi edo Aitor Zubieta, igandean lehen mailako binakako finala jokatuko duena, iazko txapelduna, Mikel Beroiz, ahaztu gabe.

Aldaketa horiek guztiek haserrea piztu dute lehen mailan jokatzeko aukerak zituztelakoan zeuden pilotarien artean eta Julen Retegi izan zen kritikoenetako bat.

Sistema berria

Buruz burukoen berrantolaketa hauek lehiaketa sistemaren moldaketa berri bat ekarri dute eta, orotara, hamabost izango dira parte hartuko duten pilotariak, bederatzi Asegarcekoak eta sei Aspekoak.

Azken egunetan zenbait aurrekanporaketa jokatu diren arren, ofizialki bihar arratsaldean hasiko da txapelketa Zarautzen, Aritz Lasa eta Merinoren arteko lehiarekin, binakakoan bikote izan zirenak. Irabazleak Cabrerizo izango du zain.

Final-hamaseirenetako azken partida ostiralean jokatuko dute Zornotzan Izak eta Urrutikoetxeak, eta garaileak Peñagarikanorekin jokatu beharko du. Final-zortzirenetako beste hiru partidak dagoeneko erabakita daude. Olaetxeak eta Oier Mendizabalek, astelehenean Tolosan garaile izan zirenek, Iñigo Leiza eta Argoteren aurka jokatu beharko dute larunbatean Aritzbatalden, eta oraindik erabakitzeke dagoen egunean eta pilotalekuan, bigarren mailako binakako txapeldun izandako Iker Arretxek eta Ibai Zabalak elkarren aurka aritu beharko dute.

Final-laurdenetan izango dira berrikuntza nagusiak, izan ere, antolatzaileek bi multzo prestatu dituzte eta horietako bakoitzean Aspeko bi ordezkari eta Asegarceko bi lehiatuko dira ligaxka eran. Eibarko enpresak nolabaiteko begirunez jokatu du bere pilotari onenekin eta Julen Retegi, Beroiz eta Zubieta zuzenean sartu dituzte maila honetan, lehendabiziko biak A multzoan eta Etxarrikoa B multzoan.

Multzo bakoitzeko bi lehen sailkatuek jokatuko dituzte partida bakarrera izango diren finalerdiak, bateko lehenak besteko bigarrenaren aurka. Finala, printzipioz, datorren ekainaren 13rako dago iragarrita.

 
Final-laurdenak

Aspek Retegi Bi, Beroiz eta Zubieta final laurdenetan sartuko ditu zuzenean. Lehen biak A multzoan eta Etxarrikoa B multzoan.

Hasiera

Merinok eta Aritz Lasak, binakakoan bikote izan zirenek, emango diote ofizialki hasiera lehiaketari Zarauzko Aritzbatalden jokatuko duten partidarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo