GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zahar egoitzen eskumena Diputazioak duela gogorarazi du Beitialarrangoitiak

p018_f01_312x123.jpg

GARA |

Hernaniko zahar egoitza handitzeko lanak bukatu berri diren arren, erabiltzeko moduan «noiz eta nola» izango den ez daki Marian Beitialarrangoitia herriko alkateak. Eguneko zentro eta zahar egoitzen eskumena Gipuzkoako Aldundiak duela bere gain oroitarazi zuen alkateak prentsaren aurrean, baina ardura horiek betetzen ez dituenez, Hernaniko Udala egoera «jasanezin eta itogarrian» dagoela eman zuen aditzera.

Arazoa konpontzeko asmotan, Diputazioarekin berarekin hitz egin dutela azaldu zuen, baina, horrek dirurik ez duela erantzun eta ez duela inolako pausorik ematen salatu zuen gogor.

Aspalditik dabiltza hainbat udal salatzen berez ez dagozkien zenbait konpetentzia euren gain dituztela, eta eguneko zentro eta zahar etxeen auzia da Beitialarrangoitiaren arabera adibide garbienetako bat: «Eskumen hauei dagozkien finantzazioa lagun ez dugula, gainera», adierazi zuen hernaniarrak.

Milioika euro

Egoera larri horren adibide ugari aipatu zituen alkateak agerraldian. Lehenik, obraren beraren gastuaren %33,23 Udalaren esku gelditu dela gogoratu zuen, eta obrak burutu bitartean, zahar egoitzako plaza guztiak betetzea ezinezkoa izan denez, Udalak 120.000 euro gutxiago jaso dituela ere nabarmendu zuen. Orotara, Beitialarrangoitiaren esanetan, ia bi milioi euro jarri ditu Hernaniko Udalak zahar egoitza handitzeko lanak errealitate bilakatzeko.

Lan horiek ez dira izan, ordea, Hernaniko Udalaren buruhauste bakarra, izan ere, gaur-gaurkoz Udalak egiten dio aurre zaharren egoitzaren defizitari, eta urtero milioi bat euro baino gehiagokoa dela aipatu zuen prentsaurrekoan.

Diputazioak dirurik ez duela esan, eta pausorik ematen ez badu, berriz ere defizitari aurre egin beharrean egongo direla adierazi zuen Beitialarrangoitiak. Zahar egoitza berriak gainera, nahitaez langile gehiago eskatuko dituela deritzo alkateak, eta horregatik guztiagatik dio ez dakiela noiz eta nola jarri ahal izango duten martxan ekipamendu berria.

Orain arte Udalak egin duen esfortzua ez dela «makala» izan nabarmendu du alkateak; «are gehiago, krisiak gogor astintzen duen garaian», gaineratu zuen. Haatik, Udala obra hasi aurretik baino egoera latzagoan dagoela jakinarazi zuen, eta Diputazioak eurorik inbertitzen ez badu, «arazo larriak» izango dituztela aurreikusten dutela.

Egoera konpontzeko asmotan, maiatzean hasi ziren Diputazioarekin biltzen, dagokion betebeharrari erantzun diezaion pausoak zehazteko. Oraindik ez da afera konpondu, ordea; eta atzoko agerraldia baliatuz, erantzun «onargarri» bat ematera gonbidatu du Diputazioa Beitialarrangoitiak, «dirurik ez duela esatea ez baita onargarria».

Udaleko kideez gain, egoitzako emakume eta gizonak, horien senideak eta bertako langileak ere arduratuta daude egoera dela-eta. Horien zalantzak argitzeko datozen egunetan bilerak izango direla adierazi zuen Beitialarrangoitiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo