Noren krisiari aurre egiteko neurriak?
Gasteizko Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburu Carlos Aguirrek Herri Administrazioko eta Osakidetzako pertsonal-gastuen murrizketa iragarri izana, gastu soziala inoiz baino beharrezkoagoa denean, guztiz kontraesanean dago egoera larriari «denon artean» aurre egin behar zaiola dioen diskurtsoarekin, senper orduan egoera hori baliabide gutxien dutenek jasaten dute-eta gogorrenik. Eta ez da onargarria, baina ez du harridura sortzen eredu neoliberala bere egiten duten administrazioek, eskuineko zein «ezkerreko» alderdiek kudeatuta, zerbitzu publikoetako langile kopurua murrizteak. Hala ere, Aguirrek iragarritako Aurrekontuen Oreka eta Egonkortasun Plana bere Gobernuaren diskurtsoarekin ez ezik, Gobernu horrek iazko azaroan Mahai Orokorrean sinatutako akordioarekin ere kontraesanean dago, Lakuako bozeramaile Idoia Mendiak esan zuenez, akordio hark enplegua sortu eta zerbitzu publikoak indartu behar baitzituen. Eta, izan ere, badago zerbitzu publikoak indartzeko premia. Baina gutxi iraun du sinatutakoak. Atzo Elkartzenek pobreziaren egungo muga edo ataria zehaztu zuen. Euskal Herrian milioi bat lagun bizi dira atari ilun horren pean, duintasunez bizitzeko benetako zailtasunak dituztela. Halere, agidanez, administrazioek ez dute lagun horien krisiari aurre egiteko neurririk hartzeko premiarik sumatzen.