Oihana Llorente Kazetaria
Gure herria mapetan ager dadin, ari gara
Herri orok du bere izaera eta nahia lau haizetara zabaltzeko egun seinalatua, eta herri txiki hau ez da gutxiago izango. Mapetan ageri ez den arren, 78 urte luze daramatza bizirik dagoela frogatzen, ageriko eta estalitako diktadurei aurre egiten eta Aberri Egun orotan tente eta harrotasunez munduaren aurrean agertzen.
Egoera politiko ugari bizi izan ditu gure herriak 1932. urteko lehen ospakizun hartatik, baina urtero independentzia grina izan da Aberri egunen mugarri. Errepresio bortitzari aurre eginez aldarrikatu izan da independentzia gurean. Beste batzuetan, gutxitan bada ere, abertzale guztiak elkarturik egin da eskaera hori.
«Nazioa gara, Estatua behar dugu». Asmo eta helburu borobila du igandean Irun eta Hendaia batuko dituen martxak. Herriak hala eskatuta abian jarri diren independentistek bultzatuta. Alderdien joko eta hauteskunde lehiatik ihes egin nahi duen asmo zintzoa da honakoa, baina era berean politikariek kudeatzen duten joko eremua irauli nahi duena. Herritarrek independentziarekiko duten grina lau haizetara zabaldu eta hura egikarituko duen eszenatokirantz urratsak eman nahi dituzte eta igandean bidelagunak behar dituzte.
Geroa ere ziurtatua du independentziak, GaztEHerriak ekarpen bikaina egingo baitu bihar euskal gazteriaren hautua independentzia dela argi eta garbi plazaratuz.
Aldarrikapena eta jaia eskutik harturik datozen bi hitzorduei ezin ezetz esan, beraz.