GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andoni Olariaga eta Jon Jimenez Filosofian lizentziadunak

Sekularizazioa, gezur ustela

 

Historia ofizialaren arabera, sekularizazioa Iraultza Frantsesetik aurrera gertatu zen estatuaren eta Elizaren banantze fenomenoa litzateke. Sekularizazioarekin, estatuak konfesionala izateari uzten dio edozein tutoretza erlijiosotik askatzeko, eta orduan laiko bihurtzen da. Beraz, estatua erlijiotik askatu zenez gero, zientziaren, moralaren, artearen eta, oro har, giza espresioen sekularizazioa -«munduratzea»- gertatu zela deduzitu zitekeen. Horrela al da, ordea?

Gizakia askatu egin omen da dogmetatik, horietatik libratu -omen- zuen Ilustrazioak. Baina badirudi kate berriak ezarri zizkiola, eta horiek gizakia barrenean gatibatu zutela, arrazoimenean, alegia. Fedea, orduan, ez Liburu Santu(et)an, baizik eta arrazoimenean itsatsia geratu da orain. Fede erlijiosotik askatu baina bere kateetan lotu gaitu dogmatikoki. Bere garaian, Marxek Hegel kritikatu zuen, esanez Hegelen estatu absolutu-arrazionalak, gizakiari libreki gauzatzen uzten omen dionak, beheko diferentzia guztiak ezabatzen dituela (hizkuntza desberdinak, tradizioak...). Hortaz, gizakia, politikoki eta erlijiosoki, estatuan alienatu zen Ilustrazio frantsesaz geroztik, aurretik Jainkoarekin bezala. Dena den, bere burua arrazional, historiko, eta abar gisa aitortu zuenez, bera laikotu zela pentsatzen dugu eta, ondorioz, ez zela fede -berri- batean oinarritu defendatzera heldu ziren batzuk. Fedea Arrazoian jarri zuen, ordea, eta Ilustrazioaren «balio (absolutu)etan».

Marxen kritikatik eta mende bat berantago, Nietzschek -XIX. mendearen bukaeran- lehen aipatu Hegelen estatu arrazional-absolutu hori kritikatu zuen, Estatu alemaniarrak -estatu absolutuaren adibide- aberria, gizartea, morala... denak sartu baitzituen zaku berean. «Nirekin edo nire kontra», alegia. Eta ez al gaude orain egoera berean? Alegia, Estatu espainolak ez al du gauza bera egin? Duela berrehun urtetik hona horixe besterik ez du egin eta! Alegia, Estatua, hiritarrekin, demokratekin, Ilustrazioarekin, arrazionaltasunarekin, kultur aniztasunarekin... eta moral konkretu batekin, bere erlijio instituzional propioarekin batu du. Eta, beste aldean, «biolentoak», nazionalistak, tradizionalistak, erromantikoak, etnikoak eta beste hainbat zorritsu jarri -amoralak, ez-erlijioso-ofizialak, eroak...-.

Espainiar Estatua estatu sekularizatu ez den estatu absolutu hori dugu, beraz. Ilustratutzat dauka bere burua -arrazionalena da bera-, baina «bere morala», predikatzen duena, erlijio katoliko apostolikoarena da. Hots, arrazoimenaren gaineko fedea baino erlijio katolikoarena berarena dugu. Frankismo garaitik datorren fede kristau horri, ordea, orain morala deitzen zaio. «Kondenatu ezazu», «biolentzia gaizki dago edonondik datorrela», «hiltzea txarra da»... Eta zertan oinarritzen da Estatua bera (bere) biolentzian ez bada! (Bergaminek frankismoko genozidioa gogoratuz, espainiar demokraziari «la democracia de los gusanos» deitzen zion). Eta beraz, ilustratutzat du bere burua, baina erlijiosoki datorkion «unidad indivisible» batean oinarritzen da, historian ez dagoen fede dogmatiko batean. Eta unidad horretatik eratortzen den «demokrazia» gehiengoaren erabilpen dogmatiko eta autoritarioari esker inposatu da. Gehiengoaren inposaketa horri prozedura demokratiko-arrazionala deritzote batzuek, alegia, lehen modernitateko zilegitasun kuantitatiboarena (gehiengoa=arrazoia), zeinak aurretik faxismoak demokratikoki ere oinarritu dituen. Euskaldunak itotzen gaituzten espainiar kultura eta balioak erro-errotik Ilustrazio frantseseko ideia handi dogmatikoak dira, beraz; hori bai, aurrerabidearen eta kultur aniztasunaren gezur ponpoxoekin mozorrotuta. Eta euskaldun kultur aniztun (Zulaika), hiritar (Atxaga), ilustratu (...) eta abar engainatu eta ez hain engainatuek Estatu horretan nahi dute euskaldun izaten jarraitu. Nola!

Arazoa hauxe dugu, hortaz: estatuak ez digu esaten zein den bere moralaren eta bere izaeraren jatorria. Ez digu esan jatorri hori fedea dela. Fede dogmatikoa. Orain, historia, arrazoimena, tradizioa eta abar omen dira hura oinarritzen dutenak. Orain, morala sekularra omen da, Ilustrazioko balio sekularizatuetatik datorkigulako, ez Elizaren predikuetatik. Baina oinarrian berdin-berdinak dira. Izan ere, astia daukanak hemerotekara jotzea dauka 1964an «25 años de paz» nola ospatu zen ikusteko, eta zer esaten zen bakeaz eta bizitzaren sakratutasunaz. Eta zer esaten zuten «Diario Vasco» eta «El Correo español» egunkariek ere, orain bezala profesional huts eta objektiboak zirenek... garai haietan gaur egun bezalaxe.

Sekularizazioa, beraz, gezur ustel bat besterik ez da. Eliza sekularizatu bai, baina estatua Eliza bihurtu zitzaigun. Haren dogmatismo zantarrera lotu gintuen eta lotzen gaitu. Baina Estatu espainolak bere buruari laiko eta demokrata deritzo. Izan ere, garaiak aldatuz doaz, eta mentalki kolonizatzen gaituzte euskaldunok ere apurka, konturatu gabe. Eta gezurrak, errepikatzearen errepikatzeaz, egia bihurtzen dira gure artean. Filosofo handiek ere, Habermas, Rawls, Rorty eta enparauek, ez dute ezbaian jartzen: gure gizartea sekularra da, filosofia ere sekularra, morala bezalaxe. Eta Espainia, europarra, laikoa eta demokratikoa. No comment.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo