GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro Idazlea

Satorraren istorioa

Ia 10 urte joan dira Dorre Bikiak amildu zirenetik. Etxean dudan argazki liburu batean, egun hartako argazki harrigarri bat agertzen da: gazte koadrila bat, ibai bazterrean, bata eserita, garagardoa eskuan, bestea etzanda, burua lehenaren hankan bermatuta, hirugarrena zutik, barre algara batean. Eguneroko bizitzaz arituko ziren hizketan, postariarekin izandako eztabaida baten inguruan, edo Burger Kingen izandako beherapenez. Barrez. Une hartan bertan Dorre Bikietatik jendeak jauzi egiten zuen, sugarretatik ihesi, minik gabeko heriotza seguru baterantz. Bi uneen arteko kontrastea bikaina da, batik bat egunero ezkutuan gertatzen diren kontraste are eta handiagoez mintzo zaigulako. Heriotza eta luxua elkarren aldamenean bizi dira; bata tragikotasun estuan, bestea barrez betetako oparotasunean. Elkarri jaramonik egin gabe.

Bitartean, munduan jarraika ustez polizia eta agente sekretu gehien dauzkan iheslariak, Bin Ladenek, arrokaren batean segitzen du gordeta, jan gabe, edan gabe, arnasa hartu gabe, lagun gabe, emazte gabe, telefono gabe, argindarrik gabe, leiho gabe, kuxkuxero guztien begi eta belarrietatik salbu… munduko terrorismoa gidatzen.

Ez dut berehala ahaztuko Sadam Hussein bere satorzulotik atera zuten eguna, ilea nasita eta bizarra egin gabe. Azkar eta gupida gabe atzeman zuten, bai: lur azpian!

Eta niri, mesfidati naizen honi, zalantza sortzen zait: non dabil Osama, amerikarrengandik ihesi, ala amerikarrek beraiek ezkutatuta?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo