GARA > Idatzia > Kultura

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak zefalopodoak izango ditu hizpide 34. edizioan

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko 34. Zikloa zefalopodoen munduan murgilduko da aurtengo edizioan, eta besteak beste, «Ocean World» eta «Deep Blue» izango dira emanaldirik esanguratsuenak.

p041_f01_096x096.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Txibiak, olagarroak eta sepiak bakarrik ezagutu ohi dira zefalopodoen familiakoak aipatzerako orduan, baina klan berean 700 senitarteko baino gehiago existitzen dira mundu osoko itsasoetan. Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko 34. Zikloak barrunbe horretan murgilduko du aurtengo programazioa. Apirilaren 6tik 10era iraungo duen edizioa «Garroak» izeneko dokumental kanadarrak abiaraziko du. Danny Maurorenak sortutako lanak, Jennifer Mather doktorearen eginkizunak jarraitzen ditu Karibeko Bonaire uhartean. Bere lana teoria polemiko bat frogatzea izango da; uharriko txibiek bere azaleko orbanak erabiltzen ote dituzten komunikatzeko lengoaia gisa. Ipar-mendebaldeko ozeano baketsuan munduko olagarrorik handienaren erakusgarri izango da eta sepiaren ehiza teknikak ezagutarazten ditu dokumental horrek.

Hurrengo egunetan, nazioarteko hainbat film luze eta labur erakutsiko dira Kutxak Donostiako Andia kalean duen aretoan. Emanaldi guztiak doakoak izango dira eta ordutegi berbera izango dute (18.00etan eta 20.00etan). Aurtengo edizioan Mexiko, AEBak, Alemania, Britainia Handia, Belgika eta Estatu espainoleko lanak ikusteko aukera izango da.

Emanaldiak eta erakusketak

Emanaldirik esanguratsuenak, Nano Cordovilla zuzendariaren hitzetan, «Ocean World» eta «Deep Blue» filmak izango dira. Lehenengoa, zikloari amaiera emango diona, ez da lan berria, baina euskaraz ikusteko aukera eskainiko dute, izan ere, «euskara gure programazioan txertatzea baita gure helburuetako bat». «Deep Blue»k, bere aldetik, urte askotan zehar bildutako itsaspeko irudi berritzaileak eskaintzen ditu eta apirilaren 8an ikusi ahal izango da.

Film luze eta laburren emanaldiez gain, Itsaspeko Zinema Zikloak bi erakusketa zabalduko ditu. Batetik, Luis Gorritxo nafarrak hartutako irudiei eskainitakoa, eta bestetik, «Kantauria: Begiradak eta Paisaiak» izenburupean EHUko ikasleek osatutakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo