GARA > Idatzia > Kultura

ETBren «itzalketa» jasan dute Ipar Euskal Herriko ikus-entzuleek

Bi hamarkadetan pantailaratu ostean, atzo arratsaldean eskaini zuen ETB1ek «Iparraldearen Orena» saioaren azken emankizuna. Baionako EITBko egoitza aurrerantzean nork kudeatuko duen datorren apirilaren 12an erabakiko du Alberto Suriok.

M.UBIRIA (KAZETA.INFO) | BAIONA

EITBko langileek udazkenaz geroztik iristerik nahi ez zuten eguna iritsi zen atzo, otsailean jaso zuten lan kontratu amaieraren agindua indarrean sartu baitzen. EITBko buruak, Alberto Suriok, ez du deliberorik hartu Baionako egoitzaren inguruan. Antza denez, heldu den apirilaren 12an hartuko du erabakia. Azkenik hiru sozietate sartu dira Baionako kontratua eskuratzeko lehian. «Kazeta.info»-k iragarri zuen bezala, horietarik bat Durangoko K2000 ekoiztetxea da; bigarrena, PSOEri atxikitako Lavinia ekoiztetxea eta, hirugarrena, Euskal Media-Komedia. Orain arte azken honek kudeatu du EAJ buru zuen EAEko Gobernuak bere garaian bultzatutako ordezkaritza. Atzo arratsean azken bi hamarkadetan ETB1en ikusi ahal izan den saioaren, «Iparraldearen Orena»-ren, azken emankizuna ikusi zuten Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko euskaldunek. Martxoak 31 honetan amaitu zen EAJ buru zuen EAEko Gobernuak bere garaian bultzatutako eta Euskal Media-Komediak kudeatutako ordezkaritza.

PSOE buru duen gobernuak ordezkaritzari amaitze epea ezarri zion iazko udazkenean. Geroztik, Alberto Surioren taldea ez da gai izan geroari begira EITBk Ipar Euskal Herrian izanen duen egitura finkatzeko.

Antza, heldu den apirilaren 12an ebatziko dute lehiaketa zein enpresak irabazi duen. Anartean, EITBk Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan duen egoitza huts samar izanen da. Bertako langileek adierazi dutenez, Euskal Media-Komedia-ko gerenteak izanen dira bertan.

Bilera beroa

«Zuzeu.com» agerkariak azaltzen duenez, joan den ostiralean bilera beroa izan zen EITBren egoitza nagusian. Euskal irrati eta telebista publikoaren zuzendaritzako kideek beren haserrea agertu zioten langileen ordezkaritza bati. «Itxura denez, afera honen mediatizazioa ez dute atsegin...», baieztatu zuen EITBeko kazetari batek. EITBren «itzalketak» ika-mika handia sortu du Ipar Euskal Herrian. Euskal kultura alorreko pertsona ezagunek bultzatuta sostengu kanpaina jarri dute abian eta sinadura bilketa egin dute. Jadanik 2.200dik gora atxikimendu bildu dituzte eta ekimena martxoaren hondarrean amaitzekoa zen arren, hurrengo asteetan ere eutsiko diote kanpaina.

Euskararen Erakunde Publikoaren izenean, Max Brissonek bere kezka helarazi zion duela zenbait aste EITBko zuzendariari. Besteren artean, «Iparraldearen Orena» saioa, orain arte astelehenetik ostiralera eguneroko gertakizunen berri ematen zuen saioari eustea «Iparraldean euskararen transmisioa bermatzeko bidean» oso garrantzitsua dela gogorazi zion.

Hala ere, orain arte Baionako egoitzaren inguruko erabakiak hartzeko gogo edo gaitasun gutxi agertu du Suriok. Gaur, apirilaren 1a, EITBren Baionako egoitzan umorerik ez da.

«AZKEN ORENA»

Azken bi hamarkadetan ETB1ek eskaini duen «Iparraldearen Orena» saioaren azken emankizuna ikusi zuten atzo arratsean Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko euskaldunek.

GOGO GUTXI

Surioren taldea ez da gai izan geroari begira EITBk Ipar Euskal Herrian izanen duen egitura finkatzeko (...) Orain arte Baionako antenaren inguruan erabakiak hartzeko gaitasun edo gogo gutxi agertu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo