GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Hiru ekitaldirekin abiatuko da Torneoa

Larunbatean Baranbion eta Izarran jokatuko diren saioekin hasiko da aurtengo txapelketa, eta amaiera, berriz, ekainean izango du, okerrik ezean, Azpeitian.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Joxemari Mendizabalen heriotza gogoan abiatuko da Urrezko Aizkora. Bizitzak aurrera egiten du, eta aizkolaritzak ere gauza bera egin beharra dauka. Larunbatean hasiko da, eta finala ekainean jokatuko da, azken orduko aldaketarik ez bada, Azpeitian, nahiz eta data zehazteko dagoen.

Aizkolarien parte-hartzea ere zehaztuta dago, baina egutegia oraindik erabat egiteko dago, herriak topatu behar baitira, eta horren arabera joango dira antolatzaileak egutegia ixten.

Urtero bezalaxe aizkolari asko izango dira aurten ere. Gazteak, helduak, beteranoak, denetik izango da lehiaketa honetan. Baranbion, Araban, hasiko da lehia, larunbatean 12.00etatik aurrera. Bertan, Rodriguez I.a, Goñi, Kintana, Ruiz de Aretxabaleta, Irazabal, Utxu, Lekue, Beltza eta Oregi neurtuko dira. Lehen biak sailkatuko dira bigarren fasera.

Egun berean, larunbatean, alegia, eta 17.30ean hasita, Izarran, Araban, izango da lehen fase honetako bigarren ekitaldia. Bertan, Larrañaga, Urteaga, Dorronsoro, Llanos, Corchero, Eraso, Mendieta eta Garita neurtuko dira. Hemen ere bi lehenengoek egingo dute aurrera. Hirugarren ekinaldia igandean izango da, Beran, 12.00etan hasita. Bertan, Etxeberria, Pikabea, Aristegi, Pellejero, Castro, Urtzi Olasagasti, Agirre, Belauntzaran eta Alkizalete II.a neurtuko dira. Aurrekoetan bezalaxe, hemen ere lehen biek egingo dute aurrera.

Hurrengo fasea, bigarrena, alegia, apirilaren 10ean abiatuko da Zegaman. Egun horretan, Ugarteburu, Elorriaga, Mugertza III.a, Esnaola, Ruben Saralegi, Kañamares III.a, Txapartegi, Izarrako lehen sailkatua eta Berako bigarren sailkatua neurtuko dira.

Apirilaren 11n, 12.00etan hasita, Resano, Eneko Saralegi, Mugertza II.a, Felix Etxeberria, Senosiain II.a, Manolo Kañamares, Erdozia, Baranbioko lehen sailkatua eta Izarrako bigarren sailkatua neurtuko dira, 12.00etatik aurrera Dorraon. Arratsaldean, 17.30ean hasita, Zumaian, Zubizarreta, Ohian Larretxea, Mugertza I.a, Telletxea, Olano, Mujika, Etxebeste, Baranbioko bigarrena, eta Berako aurrenekoa lehiatuko dira.

Hortik aurrerako egutegia erabat zehazteko dago, baina apurka-apurka aizkolari garrantzitsuak ere sartzen joango dira. Olasagasti, Xabier Mindegia, Azurmendi, Jauregi, Rekondo, Arria V.a, Zubiaga eta Senosiain I.a. Ligaxkarako, berriz, iazko lehen laurak zuzenean sailkatuta daude, eta han izango dira Nazabal, Arrospide, Larretxea eta Juanjo Lopez.

Baja ugari

Lehiaketa honek aurtengoan baja ugari izango ditu, min hartuta aizkolari dezente baitaude. Lasa, Otaño, Alkizalete I.a, Vicente eta Aizpuru min hartuta daude, eta bestela parte hartzekotan baziren ere, ezin izango dute oraingoan neurtu. Parte hartuko ez duen bestea Atutxa II.a da. Bizkaitarra kanpoan da bere ikasketak egiten, eta udan berriro ere Euskal Herrian izango bada ere, lehiaketa honetan parte hartzerik ez du izango, eta hau ere baja garrantzitsua izango da Urrezko Aizkoran.

Arituko ez diren beste biak Erasun eta Zaldua izango dira. Maiatzaren 9an elkarren aurkako apustua dute, eta hori prestatzen ari direnez, bietako inor ez da arituko, nahiz eta gerora jokatzekoa den Etorkizunekoen Torneoa izeneko lehian, Erasun parte hartzekotan den.

Barberena eta Miel Mindegia ere faltako dira, baina lehiaketak utzita dituzte biek, eta txapelketa honetan ere ez dute jardungo, Patxi Mindegia arituko ez den bezalaxe. Mielen semeak une honetan aizkora utzi samartuta omen dauka, eta ez parte hartzea erabaki du. Joseba Otaegik azkeneko ekitaldietan ez du parte hartu Urrezko Aizkoran, eta aurtengoan ere ez du parte hartuko.

Faboritoak aipatzerakoan, esan beharko da betikoak agertzen direla faboritoen artean. Dudarik ez dago Floren Nazabal dela txapela janzteko hautagai nagusia, baina Donato Larretxea, Anjel Arrospide edo Joxemari Olasagasti ere oso kontuan hartu beharrekoak dira.

Ezusteak ere beti izaten dira, eta ia amaierara bitarte lanak oso laburrak izango direnez, litekeena da aurtengoan ere ezusteren bat izatea. Pasa den urtean Jauregi gazteak eman zuen ezuste horietako bat, eta onenekin ligaxkan sartu zen. Horrelakoak gertatzeko aukera galanta dago aurten ere, lan oso laburretan ustez ahulagoak diren aizkolariek ere aukera gehiago izango baitituzte. Beraz, badator Urrezko Aizkora, eta etengabe izango dugu, gainera, ekainera bitarte.

Gazteen torneoak ere antolatuko dituzte

Hasiera batean denak maila batean arituko badira ere, Egur Sport enpresak badu beste bi lehiaketa antolatzeko asmoa ere. Alde batetik, Etorkizunekoen Torneoa, eta bestetik, Gazteen Torneoa. Azken horretan gazte mailako aizkolariak arituko dira.

Inoiz baino arabar gehiago izango da aurtengoan

Inoiz baino gehiago izango dira Arabako aizkolariak aurtengo Urrezko Aizkoran. Azkeneko urteetan Zubiaga, Jauregi eta Llanos ohikoak izan dira, baina hauei Ruiz de Aretxabaleta, Kintana eta Corchero gehituko zaizkie aurten. Dudarik gabe, berri ona da hori bai, aizkolaritzarentzat, eta batez ere Arabako herri-kirolarentzat.

FABORITOAK

Honelako lehiaketetan faboritoak betikoak izaten dira, eta Floren Nazabal izango da nagusia. Berarekin batera, ordea, Larretxea, Arrospide edo Olasagasti ere oso kontuan hartu beharrekoak dira.

Saio azkarrak

Aurtengo lehiaketan ere aizkolari asko izango dira lehian, eta lehen jardunaldietan bederatzi izango dira saioko. Beti ere lan laburrak izango dira, eta horrek ezusterako bidea ere erraztu egiten du.

Zalduak Elorriagaren marka ondu nahi du aizkoran eta korrikan

Datorren astelehenean, Xabier Zalduak Elorriagaren marka hautsi nahi du: Zumarragako Antiguako ermitaren ondoan kanako enborra moztuko du, eta ondoren korrika Izazpi menditik buelta egingo du. Ekinaldia 17.30ean hasiko da.

Elorriagak hori dena egiteko 56 minutu eta 38 segundo behar izan zituen, eta hori hobetzea du xede zumarragarrak. Orduan, Elorriagak kanakoa mozteko 16.07ko denbora egin zuen, eta Izazpiko puntara iristeko, 26.07koa. Handik behera, berriz, 13 minutu eta 59 segundoan jaitsi zen.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo