GARA > Idatzia > Mundua

Jerusalemgo kolonizazioa lau hilabetez eteteko eskatu diote AEBek Israeli

Israelgo komunikabideek atzo plazaratu zutenez, Ekialdeko Jerusalemgo kolonizazioa lau hilabetez eteteko eskatu diote AEBek Benjamin Netanyahuren Gobernuari. Helburua Aginte Palestinarrarekin negoziaketei berriro ekiteko baldintzak sortzea da.

GARA |

Ekialdeko Jerusalemgo legez kanpoko kolonia sionistak zabaltzea lau hilabetez etetea eskatu diote AEBek Israeli, horrela Aginte Palestinarrarekin elkarrizketei berriro ekiteko, atzo komunikabide israeldarrek adierazi zutenez.

Washingtonek Israeli egindako proposamena Israelek Jerusalemgo ekialdean, juduen auzoak barne, lau hilabetez eraikin berririk ez egitea da. Helburua Aginte Palestinarreko presidente Mahmud Abbasek eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk zuzeneko elkarrizketak hastea da.

Orain arte Netanyahuren Gobernuak ezezko biribila eman dio Ekialdeko Jerusalemen legez kanpoko kolonia sionisten handitzea bertan behera uzteari.

«Haaretz» egunkariak Israelgo agintarien hitzak hartuz esaten duenez, AEBek proposatu duten lau hilabeteko etenaldia bat dator Liga Arabiarrak Israelen eta Aginte Palestinarraren arteko zeharkako elkarrizketak martxan jartzeko zehaztutako egutegiarekin.

Orain artean Aginte Palestinarrak uko egin dio Israelekin zuzenean hitz egiteari -Netanyahuk hori eskatzen badu ere- baldin eta aldez aurretik israeldarren kolonizazio prozesua, baita Ekialdeko Jerusalemekoa, gelditzen ez badu.

Israelgo Channel Two telebista katearen arabera, Israelek ez dio AEBen proposamenari erantzunik emango datorren astean juduen Pazko ospakizuna amaitu arte. Lehen ministroaren bulegoak uko egin zion informazio hori argitzeko eskaerari.

Netanyahu joan den ostegunean itzuli zen AEBetatik, tentsio handiko bisitaldia izan ostean. Bidaia horrek ez du Barack Obamaren Administrazioaren eta Israelen artean gai honen karietara piztu den krisia konpontzeko balio izan. Gauzak horrela, Israelen eta Aginte Palestinarraren arteko elkarrizketak urtebete baino gehiago diraute blokeatuta eta ez dirudi etorkizun argirik dutenik.

Joan den ostiralean, Netanyahuk segurtasun kabinetea bildu zuen AEBek kolonizazioa eteteko egindako presioei nola aurre egin aztertzeko. Bilera honen emaitzaren gaineko filtraziorik ez zen izan.

«Haaretz» egunkariaren arabera, ezinezkoa da Israelgo Gobernuak Ekialdeko Jerusalemen kolonizazioa geldituko duela publikoki esatea, baina ez du baztertzen Washingtonekin gisa horretako konpromiso batera heltzea.

Egunkari horrek atzo gogorarazten zuenez, abenduan argitaraturiko elkarrizketa batean Abbasek kolonizazioaren etenaldi «isila», hau da, publiko egingo ez zena, onartzeko prest zegoela esan zuen, horrela elkarrizketei berriro ekiteko.

tenplu berria

Jerusalemgo ehunka autobusetan, SOS-Israel izeneko elkarteak ordainduta, Al-Aksa mezkita dagoen mendian Hirugarren Tenplua eraikitzearen aldeko iragarkia ikus daiteke egunotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo