Xabier Etxaniz Rojo 2010/4/8
Zalantzak
berria
Batzuetan beraiek jokatzen duten moduan jokatu nahi nuke, beraien ziurtasunak eduki nahi nituzke. Batzuetan oreka popatik hartzera bidali nahi nuke. Batzuetan neure buruari ezarritako mugak suntsitu nahi nituzke. Haatik, zalantzak ditut.
Gure alaba Garazik zera esan zidan orain dela gutxi, berak bazekiela non zegoen Jon, kartzelan egona zela, handik ihes egitea lortu zuela, eta harrezkeroztik Intxaurrondon zegoela. Zertan ez zekien, ordea. Garazik zazpi urte ditu eta auskalo zer-nolako bertsioak entzun dituen ikastolan Jon Anzaren heriotzaren gainean. Gero «Jon erail dute» zioten afixak ikusi zituen eta galdetu egin zidan.
Zergatik hil dute? Nola hil dute?
Ez nintzen erantzuteko gai izan.
Nik nire bertsioa daukat Jon Anzaren heriotzaz. Ezin dut esan eta ezin dut idatzi, baina debekua arlo publikoari baino ez dagokio. Arlo pribatuan nire egia daukat, eta ez dago barne ministrorik kontrakoa sinetsaraziko didanik. Zoritxarrez, hortxe bukatzen dira nire ziurtasunak han eta hemen ikusten ditugun kartelez Garazirekin hitz egiteko garaian.
Zoritxarrez, lurralde batean bizi gara non hitzak terroristak edo iraultzaileak izan daitezkeen, non semantika bera gatazkaren partea den. Eta zalantzak ditut, ez baitakit zein den semantikarik egokiena, ez baitakit zeintzuk diren erabili behar ditudan hitzak.
Maitasunaren kasuan ez dut dudarik, baina... zilegi al da nork bere gorrotoak eta ezin ikusiak ondorengoengan ereitea?