Etxeberrik eta Ezkurrak finalerdietan izateko modua egin dute
Jon LEUNDA
Ez zen ezusterik izan, eta Etxeberrik eta Ezkurrak lortu zuten Berezkoen Binakako Txapelketako finalerdiak jokatzeko geratzen zen txartela Bielle eta Harizmendi 40 eta 29 mendean hartuta.
Lehen fasea amaitzeko partida bakarra falta dela, erabaki beharrekoa erabakita dago dagoeneko. Horrenbestez, gaur jokatuko den ligaxkako azken norgehiagokak ez du aparteko garrantzirik.
Ligaxkako lehen postua Waltari eta Etxetok eskuratuko dute, eta, beraz, hemendik bi astera jokatuko den finalerako txartela segurtatuta dute. Datoren asteko finalerdian, berriz, Sorhuet-Ozafrain eta Etxeberri-Ezkurra arituko dira.
Herenegungo partidan emozioa lehen kintzetan bakarrik egon zen. Lehen bi tantoetan berdinketak izan ziren, baina hortik aitzinera faboritoek tartea zabaltzen hasi ziren eta 14-29 ere aitzineratu ziren. Faboritoek aldeari eustea lortu zuten partidaren azken txanpan, eta aparteko eragozpenik gabe lortu zuten garaipena.
Partidak 64 minutu iraun zituen guztira. Markagailuaren gorabeherak, berriz, honakoak izan ziren: 1-1, 2-2, 9-10, 14-29, 20-32, 23-28 eta 29-40.
Emaitza horren ostean, gaur 17.00etatik aurrera Donapaleun jokatuko den partidak ez du inongo eraginik izango sailkapenean. Hori bai, Ibarrolak eta Ducassouk lehen fase honetan gutxienez partida bat irabazteko ahalegina egingo dute, orain arteko partida guzti-guztiak galdu egin baitituzte.
Sorhuet eta Ozafrain, berriz, jadanik finalerdia jokatzeko sailkatuta daude, eta lasaitasun horrekin jokatzeko moduan izango dira. Gainera, normala den bezala, datorren asteburuko finalerdia buruan dutela arituko dira.
Gaurko partidan beste bitxitasun bat ere izango da. Izan ere, azkeneko bi urteetan txapeldun izan diren pilotariak elkarren aurka jokatuko dute. Hain zuzen ere, Ibarrola eta Ozafrain dira azken bi urteetako txapeldunak, baina aurten aurkari dira.