Maite Ubiria Kazetaria
Tren azkarrak eta agintari eskasak
Nafarroako presidentea kontent da. Krisiari muzin eginez, aparteko tratua sinatu du Madrilgo Gobernuarekin. Ez enplegu politika eraginkorra sustatzeko edo-ta etxebizitzaren hipoteka ordaintzeko arazoak dituzten herritarren zama arintzeko. Sanzek ezin du txikikerietan gelditu. Itzal handiko agintariek egitasmo estrategikoak marraztu behar dituzte. Horregatik, kosta ahala kosta tren lasterra ahalik eta azkarren pasaraztea du helburu.
Nafarren kutxa publikoari astindu ederra emango dion kontratua bideratu ostean, pozez zoratzen azaldu da UPNko burua. Umetan amestu zuen Scalextric distiratsua Olentzerori zakarki hartu diolako. Azkarragoa da herritarrei ordainaraztea jostailu berria.
Zamak eta jendeak ziztu batean Nafarroa zeharkatzen ikusi nahi ditu presidenteak. Berdin da zenbat, nolatan... berdin, nondik, nora eta zertarako. Onurak soilik sumatzen dizkio agintari eskuindarrak trenbide berriari. Beste euskal lurraldeetan bizi diren herritarren kasuan bezala, hamarkada luzetan nafarren poltsikoak zulatuko ditu egitasmo berriak. Horregatik soilik ez bada ere, gogoeta Sanzek agertzen duen fede itsuagatik haratago eramatea funtsezkoa dirudi.
Herritarren kemenari esker, Pirinioetako autobidearen egitasmoak porrot egin eta gero, Sanzek ez du, seguruenik, sobera preziatuko iparraldetik heltzen diren berriak. Izan ere, argigarriak izan daitezke, diru murrizketen garaian, premiak eta nahikerien arteko bereizketa egiteko.
Zama garraioa errepideetatik trenbidera eramatea beharrezkoa dela argudiatuta, lapurtarrek AHT egitasmoa onar dezaten ahalegindu dira frantziar agintariak. Horretarako, trafikoaren gainean neurrigabeko aurreikuspenak zabaldu dituzte.
Oraingoan, zama garraioak etengabe behera egin duela aitortu behar izan du trenbide konpainiak. Zerbitzu publikoaren pribatizazioak, alde batetik, eta ekonomia krisiak, bestetik, lurrera bota dute estatistika.
Egun, europar trenbide sareari jarraipena ematea funtsezkoa dela aipatzen dute, hasieratik euskal herritarrek dituzten garraio eta komunikazio premiak alboratu dituen egitasmoa kosta ahala kosta pasarazteko. Euskal herritarren etorkizuna Madrilen edo Parisen interesak lehenetsiz erabaki behar dela defendatzen dutenek soilik sinets dezakete hau dela tratu eskasak egiteko unerik onena.