GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Buruak gutxitu behar

Lehengoan prentsari goizeko gainbegirada arina ematen nengoela albiste batek atera ninduen loguratik. Amerikako eta Errusiako Estatu Batuek ituna zuten sinatu berria, zertarako eta euren agindupeko lurretan buruak gutxitzeko. Hauxe kolpea! pentsatu nuen kolpean, iraultza da hau! munduaren itzulia! eta ni, ostera ere, enteratu gabe. Baina ez, arinegi nuen irakurria. Buru nuklearrak ziren gutxitzekoak, ez buruak berak. Armategi nuklearra mugatzeko edo, ez burutegi nuklearra, eta burua da armarik hondatzaileena. Pentsatzen hasita, benetako arazoa ez datza nuklearra izatean, burua izatean baino. Ez da izenondoko kontua, izenaren eskuinean egonda ere, izen kontua da, izenak duen izan kontua; nuklearrak berez ez baitu erabakia hartzen, ez baitu eririk botoia sakatzeko, buruak ez bezala. Baten batzuek lasaitu ederra hartuko zuten harrezkero bederatziehuna buru nuklear ezerezteko bidean direla jakitean, oraindik legez elkarri begira zenbat buru geratuko diren bazter utzita. Botilarena, jakina, erdi huts ala erdi bete, kasu honetan erdira ere iristen ez bada ezereztekoak direnen kopurua. Iparraldean diotenez, ganibet berak dabaka ogia eta eria.

Tira, harira. Berrogeita hamar mila orriko txostentxoa eman berri du argitara beheko Estatuaren justiziaren argitaletxeak, orain arteko sekretu argia ilunpetik aterata. Pentsatu gura nuke aurkibidea izango duela behinik behin! Dena dela, orriok zenbatuta badaude, txostentxoan aurrera egin ahala gero eta leku gutxiago izango zuen idazleak testurako; horrek justifikatu lezake agiriaren zabala. Zenbat baso soilduta paperean jasotzeko, zenbat begi lehertuta pantailaren aurrean. Argitaletxe horrena bai ekoizpena, gero! Txostentxo horrenak baino askoz orri gehiago bete dute hango eskribauek euskaldunen balizko historioez, begiak ezezik sudurrak ere aspertzeko beste; argitaletxearen politika-fikzioa sailean. Hortaz, burujabeok oroimen kolektibo historiko propioa izateko arrazoia. Hango eskribau bat akusatuen aulkian jesarriko omen da laster, errepide bazterreko hobiak ilunpetik ateratzea ez baita zuzena beheko zuzenbide-Estatuan. Azken batez, errepideok dira orduko urtegi-zale hark erregimenaren funtsa gerora bideratuta uzteko asmo argian erregea izendatu izanaren gaurko seinale argiak. Hortaz, hobiok askatu behar dira behingoz hura lurperatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo