GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza sexista ekiditeko tresna informatikoa lantzen ari da Emakunde

Euskaraz idazten diren testuetan hizkuntza sexista ekiditeko asmoz, Emakunde tresna informatiko berri bat prestatzen ari da uneotan. Urte bukaera baino lehen administrazio publikoan erabiltzen diren ordenagailu guztietan instalatzea espero dute.

EFE

Euskaraz idazten diren testuetan hizkuntza sexista ekiditeko asmoz, tresna informatiko berri bat prestatzen ari da Emakumearen Euskal Erakundea. Aplikazioa prest egon bezain laster, euskal administrazio publikoko ordenagailu guzti-guztietan jartzea dute xede.

Emakunderen aburuz, gero eta gehiago dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errespetatzen duen hizkuntza erabiltzen dutenak; hau da, gero eta gehiago dira termino sexistak ez erabiltzeko ahalegina egiten dutenak. Hori bai, emakumearen bazterketaren kontra lan egiten duten elkarte eta instituzioek hizkuntza sexistarekin erabat bukatzea dute helburu. Horrenbestez, Efe agentzia espainolari Emakundeko Azterketa, Plangintza eta Dokumentazioko arduradun Ana Alberdik ezagutarazi dioenez, hainbat hizkuntza aditu eta tekniko ari dira uneotan tresna informatiko berri bat garatzeko lanean Emakunderen gidaritzapean.

Gazteleraz idatzitako testuei zuzentzailea pasatzen zaien bezala, Emakundek euskara antzerako sistema batekin aberasteko lana hartu du. «Hemen egiten ez bada, ez da inon egingo», azaldu du Alberdik. Sistema euskararen ezaugarrietara moldatuko dela ere aurreratu du.

Euskarazko testuetarako honelako tresna bat garatzeak daukan «zailtasuna» ere onartu du Alberdik, izan ere, euskal hizkuntzan artikuluek ez dute generoa definitzen. Artikuluei beharrean atzizki zein aurrizkiei erreparatu behar zaiela eta hori kontuan izaten ari direla aditzera eman du Emakundek.

Euskal Emakumearen Erakundea prestatzen ari den tresna informatikoak zuzentzaile ortografikoen funtzionamendu bera izango du Alberdik azaldu duenez. Hala, testuan hitz sexistaren bat azalduz gero, aplikazio informatikoak abisua emango du eta bere ordez genero bazterkeria bultzatzen ez duten terminoak jarriko ditu aukeran.

Termino sexisten gida oinarri

Emakunde garatzen ari den tresna informatikoaren xedeetako bat, genero maskulinoaren gehiegizko erabilera saihestea izango da. Hala, seme-alabak idatzi beharrean semeak erabiliz gero, zuzenketa proposatuko du.

Proiektuaren bultzatzaileak orain gutxi Emakundek euskaraz termino sexistak ekiditeko kaleratu zuen gida erabiltzen ari dira oinarri gisa. Hizkuntza sexistaren erabilpenari aurre egiteaz gain, tresna berriak euskaraz idazten duten herritarrei lana erraztea eta sentsibilizazioa bultzatzea ditu helburu Ana Alberdik nabarmendu duenez. Urtea bukatzen denerako prest izatea espero dute.

urte bukaerarAko

Urtea bukatu aurretik tresna informatikoa prest izatea espero du Emakundek. Behin lehen probak eginda, administrazio publikoko ordenagailu guzti-guztietan instalatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo