Kronika | Manga eta anime jardunaldiak Barakaldon
Motsukora elkartearen grinak Japonia txiki bat sortu du gurean
Gero eta ezagunagoak dira gurean «manga» eta «anime» terminoak, gero eta gehiago direlako Japoniatik heldutako kulturaren zaletuak Euskal Herrian. Asteon Motsukora elkarteak antolatu dituen jardunaldietan egin dute zita.
Anartz BILBAO
Atzo iluntzean bukatu ziren Motsukorak urtero egin ohi dituen Manga eta Anime Jardunaldiak, Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean, eta goizaldera arte luzatu zen gero festa, algarak, mozorroak eta jolasak Bilboko DarkKold aretora eramanda, IkariDC, Sei eta Mana disko jartzaile lanetan zirela.
Aurretik, apirilaren 6an hasita, marrazki bizidunen emanaldiak, karaokeak, Go jokoak eta beste izan dituzte mangazaleek beren beregi prestatutako egitarauan, gazteen parte hartze zabala izan duten jardunaldietan.
Motsukora elkarteak orain hamabi urte ekin zion Manga eta Anime Jardunaldiak antolatzeari –Judas Arrieta artista ezaguna ere taldeko kidea zela–, elkartea sortu eta urte gutxira. Eta aitzindari izateaz gain –Aragoiko Jornaicas jardunaldiekin batera–, egun Barakaldoko hitzordua funtsezko bihurtu da Estatu espainoleko mangazaleentzat.
Motsukora elkarteak orain hamabi urte ekin zion Manga eta Anime Jardunaldiak antolatzeari –Judas Arrieta artista ezaguna ere taldeko kidea zela–, elkartea sortu eta urte gutxira. Eta aitzindari izateaz gain –Aragoiko Jornaicas jardunaldiekin batera–, egun Barakaldoko hitzordua funtsezko bihurtu da Estatu espainoleko mangazaleentzat.
«Gure ezaugarri nagusia ekimen parte-hartzailea izatea da, Bartzelonan edo beste hainbat tokitan egiten diren jardunaldiak merkatalguneak baitira batik bat. Guk jolastea nahi dugu, erosketak egiteko Internet dugu-eta», azaldu digu Cibyl Bennet neskato atseginak. Bistan da ez dela hori bere benetako izena, baina pertsonaia hori aukeratu zuen atzo mozorrotu eta jokatzeko, eta gisa horretara egin genuen solasaldia.
«Orain hamabi urte ekin genion jardunaldiak antolatzeari, Gurutzetan aurrena eta Barakaldon gero, eta azken bost urteotan izugarri egin dugu gora. Jendeak primeran pasatzen du hemen, oso ekimen ireki eta, batez ere, parte-hartzailea delako. Eta hasieran oso neska gutxi zegoen arren, egun gehiago garela ere esango nuke», nabarmendu zuen Cibyl Bennetek.
Bennet (“Silent Hill” bideo-jokoko pertsonaia da) bukaera galan zebilen hara eta hona, sariak banatu eta lagunekin gustura, cosplay jolasean. Mozorro festa da cosplay bat (ingelesezko costume eta play hitzetatik), eta bertan parte hartzen dutenek manga pertsonaia bat hautatu behar dute, bere antzean jantzi eta, aparte, bere jokamolde eta izatea hartzeko ahoskera, imintzio eta gainerakoetan –puntuaketak gora egiten du pertsonaiaren izaera hartuz gero–. Eta argi, aurreko ekitaldiren batean erabilitako mozorroa berriro janztea debekatuta dute-eta!
Aspertzerik ez
Aspertzerik ez
Aspergurak ez du tokirik Motsukoraren egitarauan. Origami tailerrak, rol eta Go jokoak, Lolita janzkerak, eta lehiaketa ugari: Pokemon NDS, Jan Ken Pon (harria, artaziak eta papera), Guitar Hero, Manga Party, Dance Dance Revolution, Kutar, Mario Kart Radio Control, King Of The Fighters!, Gymkana Otaku, Ramen, Fast Manga eta Karaokea. Baina, baina... zertaz ari gara? Bennetek lagundu digu kontua hobeto ulertzen. «Manga terminoak komikia esan nahi du, baina Japonian egina, eta anime terminoak, aldiz, animazioa, hau da, marrazki bizidunak. Eta guk mundu hori hurbildu nahi dugu gurera, Ekialde Urruneko kultura ezagutzera emateko... eta ondo pasatzeko».
Primerakoa da jardunaldietako giroa. «Mespretxuz erabiltzen da egun freak hitza, baina zaletasun amorratu bat izan eta aurrera eramatea freak edo frikia izatea bada, bagara, futbol zale amorratuak bezainbeste». Eta japoniar kultura gaztea du Bennetek zaletasun, «oso ikuspuntu ezberdina dutelako bizitzaz, eta japoniar gizartea oso berria delako oraindik, bizimodu modernoa duten arren oraindik ere pentsaera feudalak bertan dirau-eta».
Eta ezin oharkabean utzi anime emanaldiak, proiekzioek jardunaldietan pisu berezia dute-eta. Atzo goizean, esaterako, “Capitán Harlock” eman zuten aurreneko aldiz Estatu espainolean; euskarazko azpitituluekin gainera, orain arte jardunaldiotan sekula egin gabea zena. Zinema aretoan botatzen dituzte pelikulak, eta 240 lagunentzako gela txiki gelditu zaie jada.