GARA > Idatzia > Kultura

Arabako Bertso Kuadrillek lehendabiziko finalerdia jokatuko dute gaur Zigoitian

Lehenbiziko etapa bukatuta, finalerdietara ailegatu da Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa. Kakiturri-Ehari, Aramaio eta Aiarako Altubepekoak sailkatu dira, eta lehen bi taldeek neurtuko dituzte gaur indarrak.

Maider IANTZI | GASTEIZ

Arabako Kuadrilla arteko Txapelketa berria da, bertsolariak taldeka lehiatzen ari baitira lehenengo aldiz. «Mahai baten inguruan jarri eta zerotik horrelako proiektu bat eraikitzen hasteak gure kezkak eta buruhausteak sortu zizkigun eta oraindik sortzen dizkigu», adierazi dute antolatzaileek. Baina, zailtasunak zailtasun, pozarren daude orain arteko bidearekin. «Oso txapelketa herrikoia sortu dugu eta jendeak ere horrela hartu du», azaldu dute.

Bertsolariez gain, beste hainbat lagun ere ari da parte hartzen: epaileak, gai-jartzaileak, idazkariak, soinu arduradunak, argazkilariak, kazetariak, sukaldariak, trikitilariak... Ilusioz beteta gainera; animatzen, txalotzen... taldearekin gozatzen eta sufritzen.

Elkartean hausnarketa bat egin zuten iaz; lehian zer bertsolari mota aritzen ziren eta salto hori ematen ez zuten zenbat lagun zeuden aztertu zuten, eta beste formatu bat sortzea erabaki. Beraz, banakako txapelketa bi urtetik behin jokatuko dute, eta taldekakoa tartean.

Lehiaketa berezi hau bederatzi talderekin abiatu zen otsailaren 19an. Horiek hiru ligatan banatu zituzten: Gasteizkoa, Zuia Gorbeialdekoa eta Ale liga. Bakoitzean hiru saio jokatu dituzte, eta irabazle bana atera da: Kakiturri-Ehari, Aramaio eta Aiarako Altubepekoak. Nor baino nor ariko dira finalaurrekoetan, denak denen aurka, arratsalde honetan hasita. Hain zuzen, Kakiturrik eta Aramaiok neurtuko dituzte indarrak, 17.30ean Zigoitia aretoan.

Balorazio oso positiboa

Asier Lafuente Arabako Bertsozale Elkarteko kideak jakinarazi duenez, lehen etapa oso arrakastatsua izan da. Saioetan batez beste 55 bertsozale elkartu dira; batzuetan baita 80-100 ere, beti bazkari edo afari formatuan. «Parte-hartze berezi horregatik jende gehiago etorri da, eta, horretaz aparte, talde berri batzuk sortzen ari gara, epaile eta gai-jartzaileenak».

Bertsolari berriak ere plazaratu dira. Orain arteko txapelketetan 18 aritu dira, eta oraingoan 42; batzuk berriak dira eta besteak berriro aurkeztu dira. Lehen hiru emakumezko aritzen ziren eta orain hamalau.

«Txapelketa herrikoiagoa egiteko ukitu ditugun teklek emaitza oso onak eman dituzte», agertu du Lafuentek. Lanak bertsolariei egokitzeak, taldeka aritzeak, epaitzeko moduak (lehen fasean ez zuten esaten bakoitzak zenbat puntu eskuratu zituen, baizik eta nork egiten zuen aurrera) txapelketa bigundu egin du eta jendea animatu egin da. Auzolanean aritzeko talde dinamikoak sortu dira.

Bertso sorta idatziekin, giroa bero-bero

Txapelketa prestatzen ari zirela, Bertso Sorta Kolektibo Lehiaketa txertatzea erabaki zuten, lagun batzuk parte hartzeko gogoz egon arren, ez zirelako ausartzen bat-batean kantatzera. Bat-bateko lehia hasi baino lehen, paperarekin kantatu diote saioa hartu duen herriari. Orotara 22 talde sortu dira eta horietatik bederatzik egin dute aurrera. Horiek dagokion eskualdeari kantatuko diote finalerdietan; finalean, berriz, Arabari. Asko girotu dituzte saioak eta jende berria erakarri dute. «Musika tresna, antzezpen eta mozorroekin bertsolari berriek lasaiago ekin diote bat-bateko lanari», adierazi dute antolatzaileek. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo