Heineken Kopa
Amaierara arte sufrituta, baina lehen helburua beteta dago
Ngwenya eta Traille izan ziren partidako jokalaririk onenak. Lehenak entsegu ikusgarria lortu zuen, eta bigarrenak hiru drop.
BIARRITZ 29
OSPREYS 28
Jon LEUNDA
Sufrituta, lan asko eginda, baina Biarritz Heineken Kopako finalerdietan sartu da Ospreys mendean hartuta, nahiz eta euskaldunak epaileari amaiera eskatuz bukatu zen neurketa.
Partida ona izan zen, honelako neurketak normalean izaten direnak baino ikusgarriagoa, baina guztien gainetik Traille eta Ngwenya nabarmendu ziren. Lehenengoa partidako jokalaririk onena izendatu zuten, baina horretaz gain hiru drop ere gauzatu zituen. Bigarrenak, berriz, entsegu ikusgarria egin zuen, bigarrenaren jokaldi osoa ere berak egiteaz gain.
Partida ezin hobeto hasi zen euskaldunentzat, lehen minutua betetzerako Traillek dropa lortu eta euskaldunak aitzineratu baitzituen. Galestarrek gertu izan zuten bi aldiz entsegua, baina hamabigarren minutuan euskaldunek lortu zuten Ngwenyaren bitartez: baloia defentsako lerroan harrapatu eta, sekulako korrikaldia egin eta hiru aurkari gainditu ostean, entsegu ikusgarria lortu zuen. Yachvilik ostikoarekin ez zuen hutsik egin, eta Biarritz 10-0 jarri zen aitzinetik. Hortaz, neurketa ezin hobeto hasi zen.
Galestarrek, aldiz, entsegua lortzeko hirugarren aukera ez zuten alferrik galdu, eta markagailuko aldea murriztu zuten. Yachvilik, ordea, zigor-kolpe bat gauzatuz erantzun zion kanpotarren ausardiari, eta hurrengo jokaldian Traillek beste drop bat lortu zuen, markagailuan 16-7koa jarriz. Gauzak ezin hobeto zihoazen, baina kanpotarrek gorantz egin zuten lehen zatiko azkeneko minutuetan, eta puntu bakar batera jartzea lortu zuten, eta 16-15ekoarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatia oker hasi zen euskaldunentzat, bosgarren minuturako kanpotarrak aitzineratu egin baitziren (16-18). Aldiz, orduan heldu ziren etxekoen unerik onenak, eta 26-18 aurreratu ziren, baita ondoren 29-21 ere. Azkeneko minutuetan galestarrek transformatutako entsegua lortu zuten, eta Biarritzek une larriak pasa behar izan zituen; aldiz, azkenean helburua bete zuten lapurtarrek.
Munster talde irlandarra izango da Biarritzen aurkaria finalerdietan atzo Northampton 33 eta 19 menderatu ostean. Finalaren atarikoa ere Anoetan izango da maiatzeko lehen asteburuan.
Final-laurdenetako atzoko beste partidan Leinsterrek 29-28 menderatu zuen Clermont, eta gaurko Stade Toulosainen eta Stade Françaisen arteko partidako irabazlearen aurka neurtuko da finalerdietan.
Giro aparta bizi izan zen atzo Anoetan, nahiz eta harmailak ez ziren erabat bete. 27.000 ikusle inguruk, ordea, burrunba galanta jarri zuten Donostiako estadioan. Zaletu zuri-gorriak erabateko gehiengoan zeuden, eta, hala, biarriztarrak goizean goizetik nabarmendu ziren, batez ere estadioaren inguruan.
Asko eta asko beren bazkariak hartuta heldu ziren Gipuzkoako hiriburura, eta kanpoan bazkaltzeko ere ez zuten arazorik izan, eguraldia lagun izan baitzuten. Estadioaren kanpoaldean jarritako tabernak ere jendez gainezka zeuden, eta Biarritzen aldeko garrasiak etengabeak izan ziren.
Zaletu galestar asko ez ziren ikusi zelaira sartu aitzinetik; aldiz, behin barrura sartuta, ederki nabarmentzen ziren beren jokalariek erasoko jokaldiak egiten zituztenean. Nahiz eta kopuru aldetik ez ziren asko, galestarrek etengabe animatu zituzten beren jokalariak. Amaieran, berriz, sekulako festa izan zen bai harmailetan bai berdegunean, eta jokalariek zelaiari itzuli osoa eman zioten, honelakoetan ohikoa bihurtu den Pakito txokolate saltzailearen musika lagun zutela.
Zelaitik kanpo ere giroak jarraitu zuen, eta Geronimo izan zen giroa jarri zuen protagonista horietako bat: Biarritzeko ikurra bere kamioian hiriari itzulia ematera joan zen, taldearen ereserkia lagun zuela. J.L.