Josebe Egia
Egokitzea da gakoa
Atzo bertan irakurritako berri baten harira, ohitura eta tradizioei eman ohi zaien balio ukiezin eta trinkoaren kontua etorri zait burura. Duela ez dakit zenbat mendetik, auskalo zein urtetik, belaunalditik belaunaldira igarota dagoena, egin dena eta erakutsi edo kontatu dena behin eta berriz errepikatzeko grina, eta egungo jendartearekin bat etorri ala ez, zentzua eduki ala zilegi izan ala ez, izpirik alda ez dadin sortu ohi den erreakzio sutsua.
Berriaren mamia zera, hainbat eragilek ez dituztela ipuin klasikoak aholkatzen beren baitan gordetzen duten sexismoa dela-eta. Alegia, Errauskine, Edurnezuri, Txanogorritxu eta halakoak ez direla kontakizunik onenak egungo umeen nortasunak eratzeko, neska eta mutilen arteko berdintasunera, sexuak bereizi gabeko aukera eta xedeak izatera eta botere harremanetan oinarrituko ez den jendartera iritsi nahi bada. Haurrek euren lehen urteetan ipuin horien funtsa barneratuz gero, sexuaren araberako izaera-eredu garbia ikasten baitute. Batetik, emakume eder, lirain, ameslaria, salbatu edo askatu beharrean dagoena, eta ez edozeinek, gizon heroi ausart eta lerdenak baizik, edo bestela, atso bekaizti, anker, jeloskor eta ozpindua, amodiorik lortu ezean izatera irits zaitezkeenaren adibide. Bestetik, esan bezala, gizon ausarta, aktiboa, hamaika arrisku gainditzeko gai, beharrezko irudimen eta abileziaz hornitua, finean emakume ederrenaren salbazioa ahalbidetuko duena, amaiera zoriontsu eta koloretsuena ekarrita.
Ipuinaren balioa, hainbat ikuspegitik, ez dut nik ukatuko, ingurunea ulertzen laguntzeko, ikasteko, gozatzeko, irudimena pizteko eta amets egiteko tresna ezinbesteko eta ezin hobeak diren heinean. Baina horretan guztian era batean edo bestean eragiten dutelako, ez naiz ipuin klasikoak, beren horretan, klasiko izate hutsagatik, gainera, defendatzearen aldekoa. Izan ere, egungo errealitateak ez badu idatzi ziren garaikoarekin zerikusirik, ez pertsonei ez bizimoduei dagokienez, jendartean oraindik dirauten desberdintasun eta injustiziak gainditzen saiatzen ari bagara, aurreko hainbat balio eta pentsamolderen baliogabetasuna aldarrikatuta aurrera egin nahi badugu, zein da biharko egunean jendartean aktiboki eragingo duten pertsona horiei halako eredu eta egitura zaharkituak transmititzearen funtsa? Ez badute inondik inora ere XXI. mendearen gaurkotasuna islatuko?
Ipuinak, tradizioak, ohiturak ukiezin mantentzearen aldeko ugari dago, hori ere tradizio bihurtuta, zerbait hautsi edo galduko delakoan. Kosta egiten zaigu kolokan jartzea, arbasoen oroimenari huts egingo bagenio bezala, diskriminatzaileak, atzerakoiak edo iraingarriak diren inporta barik, bilakatu eta egokitu eta zabaldu naturaltasunez egin ezinik. Eta ondorioz, ipuin klasikoak berraztertzea eta bere horretan ez aholkatzea erabat baztertzea eta ondare kulturalari uko egitea bezala ulertzen dute batzuek, edo emakumeek alardean parte hartzea alardea bera mespretxatzea, edo gizonentzako baino ez diren elkarteak zabaltzea bidegabeko intrusismoa...