GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi gizonezko atxilotu dituzte Gipuzkoan haurdun dauden bikotekideak jipoitzeagatik

Errenterian eta Tolosan gertatu ziren emakumeen kontrako bi erasoak larunbat gauean. Ertzaintzak atxilotutako bi gizonezkoek 26 eta 43 urte dituzte hurrenez hurren.

GARA | DONOSTIA

Ertzaintzak 43 eta 26 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Tolosan eta Errenterian ustez beren bikotekideak erasotzeagatik. Lakuako Barne Sailak jakinarazi duenez, erasoak jasan dituzten bi emakumeak haurdun daude.

Emakumeen kontrako indarkeriako lehenengo kasua larunbatean, gaueko hamarrak aldera, gertatu zen Errenterian. Polizia autonomikoak eraso baten berri izan zuen eta bikotearen etxebizitzara gerturatu zen. Bertaratu zirenean, emakumeak gorputzean zehar eta aurpegian zenbait kolpe zituela ikusi ahal izan zuten ertzainek.

Egoera ikusita, emakumea erietxera eraman zuen Ertzaintzak eta 26 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuen genero indarkeria leporatuta. Tratu txarrak pairatu zituen emakumea haurdun dagoela ere aditzera eman du Barne Sailak.

Ordu batzuk beranduago, antzeko eraso bat gertatu zen Tolosan, hainbat lagunek partekatzen duten etxebizitza batean, hain zuzen ere. Erasoa gertatu zen etxean bizi den lagun batek eman zion Ertzaintzari abisua .

Polizia autonomikoa etxebizitzara iritsi zenean, bikotea etxeko bainugelan topatu zuten ertzainek. Jada haurdunaldiaren azken hilabeteetan den emakumea garbitzen ari zen uneotan ustezko erasotzailea; hala ere, emakumeak odol aztarnak zituen oraindik ere sudur aldean. Gizonezkoaren zein emakumearen testigantzak entzun eta gero, Ertzaintzak erasotzailea atxilotzea erabaki zuen.

Adingabeak babestu beharra

Rafaela Moreno Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak herrialdean emandako azken bi eraso matxistak salatu zituen atzo ohar batean. Komunikabideetara bidalitako oharrean, «adingabeak erasotzaileengandik urruntzeko lege aldaketak» beharrezkoak direla nabarmendu zuen Morenok.

Gipuzkoan bikotekideen erasoak jasan dituzten azken bi emakumeak haurdun daudela ere nabarmendu nahi izan zuen Batzar Nagusietako presidenteak. Gertatutakoa kontuan hartuta, «adingabekoak tratu txarrak erabiltzen dituzten erasotzaileengandik urruntzeko lege aldaketak» behar direla defendatu zuen Morenok.

«Oraindik ere lan handia dago egiteko genero indarkeriarekin bukatzeko», azaldu zuen Morenok. Horrez gain, erasotzaileek «babes gutxien duten emakumezkoen» aurka egiten dutela salatu zuen, Gipuzkoan bikotekideen erasoak jasan dituzten azken bi emakumeak haurdun daudela nabarmenduz.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentearen ustez, emakumeen aurkako indarkeriak «ez ditu emakumeak bakarrik mindu behar, jendarte osoari eragin behar diote mina horrelako erasoek». Horregatik, erasotzaileei «urruntze neurriak» ezartzea eskatu zuen, baita «adingabeetatik urruntzeko neurriak» ere. «Ezin dugu ahaztu adin txikikoek beldur egoera etengabean bizi beharra dutela. Hori dela eta, erasoak gertatu eta biharamunean adin txikikoak erasotzaileen zaintzapean uzterik ez dago».

Azkenik, erasotzaileak «bikote harremanetan indarkeriaren bidez uneoro beren borondatea inposatu nahi duten diktadoreak» direla esan zuen Morenok.

LEGE aldaketak

Tolosan eta Errenterian izandako eraso matxistak salatzeaz gain, Rafaela Moreno Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak adingabeak erasotzaileengandik urruntzeko lege aldaketak eskatu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo