GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Gazteak atzetik bultzaka datoz

Bigarren kanporaketa gainditu eta hirugarren kanporaketara sailkatu diren sei aizkolarietatik hiruk 19 urte besterik ez dituzte oraindik.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Aizkora maite duenarentzat asteburu ona izan da hau Urrezko Aizkoran, izan ere, hirugarren kanporaketara sailkatu diren sei aizkolarietatik hiruk 19 urte besterik ez dituzte. Larunbatean Ruben Saralegik lortu zuen sailkapena; atzo, berriz, Olanok eta Irazabalek. Horiekin batera, Ugarteburu, Etxeberria eta Erdozia ere sailkatu dira.

Hiru proba izan dira asteburu honetan, eta bakoitzean bederatzi aizkolari lehiatu dira. Denetan era berean jokatu dira saioak. Hasteko, hiru aizkolariko hiru multzo egiten ziren, eta ligaxka moduan jokatzen zen. Hortik azkenekoa geratzen zen kanpoan. Ondoren, buruz buruko hiru neurketa jokatzen ziren, eta hortik lehenengoek egiten zuten aurrera. Azkenik, hiru sailkatuek elkarren arteko ligaxka jokatzen zuten, eta bi onenek lortzen zuten sailkatzea. Saio guztietan zeinek enbor bat azkarrago moztu zen egin beharreko lana.

Herenegun Zegaman Ruben Saralegik lortu zuen sailkapena. Leitzar gaztea izan zen onena, eta berak lortu zuen lehen postua. Finalean bi saioak irabazi zituen. Ondoren Ugarteburu sailkatu zen, Saralegirekin galdu eta Kañamares III.ari irabazita, eta bera ere hurrengo kanporaketan izango da. Hirugarren geratu zen Kañamares gaztea eta ordezko geratzen da, hurrengo jardunaldian aurreko bietako batek parte hartzerik izango ez balu ere.

Atzo goizean, berriz, Dorraon jokatu zen saioa, eta bi beterano izan ziren onenak. Felix Etxeberria gailendu zen. Sunbilako aizkolaria finalera saiorik galdu gabe heldu zen, eta han ere bi ekinaldiak bereganatu zituen. Bigarren beste beterano bat izan zen, Juanjo Erdozia, eta bera ere hurrengo kanporaketan izango da. Hirugarren eta ordezko gisa Mugertza II.a geratu zen.

Ezustea

Asteburu honetan izen garrantzitsu dezente izan dira lehian, eta gehienak geratu dira kanpoan. Hala ere, ezusterik handiena atzo Zumaian eman zen, han Irazabalek bigarren postua lortu eta hurrengo kanporaketan izateko txartela bereganatu baitzuen. Gainera, hirugarren kanporaketan lehen biak gaindituta arituko den aizkolari bakarra izango da.

Saio politak ikusi ahal izan ziren atzo Zumaian, baina azkenean finalera Olano, Irazabal eta Mugertza I.a sailkatu ziren. Finaleko lehen proban Olanok Mugertza I.a menderatu zuen. Bigarrengoan Irazabalek ere irabazi egin zion mutrikuarrari, eta, azkeneko saioan, Olanok Irazabal menderatu zuen.

Atzoko saioko bi gazteenak ziren Olano eta Irazabal, eta biek egin zuten aurrera. Mugertza I.a, berriz, goizean Dorraon bere semearekin gertatu zen bezalaxe, hirugarren geratu zen; horrenbestez, ordezkoa izango da.

Bizkaitarrak

Nafarroa eta Gipuzkoa dira aizkoran afiziorik eta tradiziorik handiena izan duten herrialdeak, baina Bizkaia ere apurka- apurka badator indarra hartuz. Zaleek Atutxa gaztearengan itxaropen handia dute, eta orain Irazabal ere agertu da.

Izen handia duten aizkolari ugari hasi dira lehiaketatik at geratzen

Urrezko Aizkorako jardunaldi honetan izen garrantzitsu ugari sartu dira, baina gutxik lortu dute aurrera egitea. Horien artean daude Ugarteburu, Erdozia eta Etxeberia.

Mugertza I.a, Txapartegi, Elorriaga, Etxebeste edo Senosiain II.a ere asteburu honetako kanporaketetan ziren, baina horietako inork ez du lortu aurrera egitea. Mugertza I.a izan da ordezko geratzea lortu duen bakarra.

Hala ere, ez da ahaztu behar kanporaketetan enbor bat moztera jokatu direla saioak, eta horrek ezusterako ateak zabaldu egiten dituela. Lan luzera izan balira kanporaketak, seguruenik ere kanpoan geratu diren aizkolarietako gehien-gehienak izango ziren hurrengo fasean, baina gauzak diren bezala dira eta ez da erraza aurrera egitea. Datorren asteburuan ere aizkolari garrantzitsu gehiago sartuko dira lehiaketan. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo