Arte «gordin eta bakanaren» erakusketa ikusgai Biarritzen
Jean-Claude Voloten bilduman ordezkatutako 28 artisten 60 obra ikusgai dira Biarrizko Santa Eugenia kriptan ondoko ekainaren 10era arte. Arte «gordin eta bakanaren» ordezkariak dira gehienak. Combas, Music, Rebeyrolle edo Velickovic bezalako artisten lanak daude ikusgai.Ainize BUTRON | BIARRITZ
Ekainaren 10era bitartean, arte «gordin eta bakana» deitutako korronte artistikoko 60 obra ikusgai izanen dira Biarrizko Santa Eugenia kriptan. Erakusketan 28 artistek hartzen dute parte. Horien artean, besteak beste, Zoran Music, Paul Rebeyrolle, Robert Combas eta Vladimir Velickovic arte garaikidearen izen handien lanak preziatu ahal izango dira.
«Music, Rebeyrolle, Rustin, Pons, Deux edo Dado bezalako artistak arte gordinaren eta arte bakanaren egile inspiratuak dira eta gaurko pintura espresionista suminduaren ordezkarien ondoan agertzen dira», argitu zuen Martine Lusardy erakusketaren koordinatzaileak eta Halle Saint-Pierre zentroko zuzendariak.
Izan ere, Pariseko Halle Saint-Pierre erakustokiarekin elkarlanean antolatua izan da ekimena. «Gure barruko gizatasunari zabaltzen zaizkiola, obra horiek erresonantzia misteriotsuak trukatzen dituzte. Artearen eta sorkuntzaren gaineko begirada berri bat inposatzen digute», gehitu zuen Lusardyk.
«Begia basa egoeran - Sorkuntzaren liluratzaileak» izenburua jarri diote erakusketari, eta bertan Jean-Claude Volot bildumagilearen obrak bildu dituzte.
Enpresari garrantzitsua izateaz gain, arte «gordin eta bakanaren» bildumagile sutsua da Volot. Biarrizko Santa Eugenia kriptako erakusketa zabaltzeko ekitaldian zela-eta, bere bizitza osoan irabazitako diru guztia obretan jarri duela goraipatu zuten. Duela zenbait urte Auberive herriko abadia bat erosi zuen, eta bertan erakusketak, ikusgarriak eta bisitak antolatzen dituzte.
Volot 30 urtez aritu da obrak erosten, eta bere bilduma 600 bat margolan, eskultura eta marrazkik osatzen dute. Biarritzen azaltzen dituen obretan hiru belaunaldi biltzen direla argitu zuen bildumagileak. Arte garaikideko izen esanguratsuekin, gazte belaunaldiko Raphaëlle Ricol eta Stephane Pencrear'ch artisten obrak ikusgai daude Sainta Eugenia kriptan. «Artista gazte horiek ez dira baitezpada arte gordinaren korrontearen ordezkariak, baina, aldiz, korronte horren eta ikuspegi berrien arteko lotura egiten dute», nabarmendu zuen Martine Lusardyk. Michel Macreau, Ronan Jim Sevellac, Gilbert Pastor, Jephan de Villiers, Peter Bettencourt edo Youcef Korichiren obrak dira, besteak beste, Santa Eugenia kriptan antolatutako erakusketan ikusgai daudenak.
«Basa egoera»
Margoz, eskulturez, paperezko collagez, gauzaki ingurugabez, egur muntaketaz eta gauza arraroz osatuta daude erakusketako obrak. «Batzuk indartsu eta mingarriak dira; beste batzuk, berriz, alai, grafiko eta koloretsuak. Traba oroz askatutako begirada baten ikuspegiak dira, basa egoeran dagoen begi batenak», goraipatu zuen berriz ere Martine Lusardy erakusketaren koordinatzaileak.
Erakusketarekin film proiekzioak ere eginen dituzte Biarrizko Mediatekan eta Le Royal zinema aretoan.
Ikastola zein eskola publikoetako haurrekin bisitak eta tailerrak antolatuko dituzte ekainaren 10era bitartean, frantsesez eta euskaraz. Publiko zabalarentzat ere bisita gidatuak egingo dira; aurrez eman behar da izena parte hartzeko.
Lekua: Santa Eugenia kripta (Biarritz).
Eguna: Apirilaren 10etik ekainaren 10era arte.
Antolatzailea: Biarritzeko Herriko Etxea.
Sarrera: 4 euro (dohainik 12 urtera arte).