GARA > Idatzia > Kultura

Aramaio nagusitu zaio Kakiturriri Arabako Bertso Kuadrillen lehenengo finalaurrekoan

Arabako Bertso Txapelketako lehen finalaurrekoan Aramaio eta Gasteizko Kakiturri-Ehari lehiatu ziren Zigoitian, lepo betetako Gopegiko kultur etxean. Lehenbiziko kuadrillak lortu zuen garaipena.

p050_f01.jpg

Maiteder SASIETA | ZIGOITIA

Hiriburutik hiru beterano: Ricardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi eta Felipe Zelaieta. Aramaio aldetik, berriz, lau borrokalari sutsu: Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Iker Agirre eta Xabi Igoa. Denak Lierni Altuna gai-jartzailearen gidaritzapean. Hala ere, bat-bateko saioarekin hasi aurretik bertso jarrien txapelketaren finalerdia jokatuz hasi zen arratsaldea. Lehian, hiru talde: Gasteizko Bertsoaren Saltsan eta Aldapazaleak, eta Maeztuko bertso eskola. Euren bailara gaitzat hartuta bertso sorta ederrak entzun ahal izan ziren muxukitarra, danbor eta biolinen laguntzarekin. Epaimahaikideek bertso jarrien lehengo finalista Aldapazaleak izatea erabaki zuten.

Giroa bero-bero zegoen bat-bateko bertso saioa hasi zenean. Juaristik agurreko bertsoan esan zuen moduan, dirua gorri zegoen; hau da, Aramaioko taldearen alde. Eta apustuek ez zuten hutsik egin. Anderek amaierako agurreko bertsoan pala eta erratza eskatu zituen Gasteizko taldearen zatiak jasotzeko. Horrelakorik ez zen behar izan ordea, maila txukunean aritu baitziren gasteiztarrak.

Ofizioko saioak nahiko makal joan ziren, eta alerik politenak bakarkako lanetan kantatu zituzten. Manex Agirrek bertso ederrak bota zituen euskararen normalizazioaren inguruan. Hamarreko txikian ere bertso politak entzun ziren. Andere Felipe lagunaren bila joan zenean hark ordenagailuan geratuko zela erantzun zion.

Arratsaldeko ginda Santimamiñe doinuan kantaturiko bertsoek jarri zuten. Hor atera ziren saio guztian zehar azaldu ez ziren txispa eta umorea. Bai gasteiztarrek eta bai aramaioarrek amaiera ederra eman zioten saioari.

Hurrengo hitzordua datorren igandean izango da, Araiako Andra Mari aretoan. Bertan Amurrioko Altubepekoak eta Gasteizko Kakiturri-Ehari arituko dira finalera joateko behar dituzten puntuen bila.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo