GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Agurra

Joxejuan Barberenak merezitako omenaldia jasoko du

Beruetekoak aizkolaritzako lehiaketak utzi egingo ditu, baina, halere, oraingoz erakustaldiren batzuk egiten jarraitzeko asmoa duela adierazi duen.

p046_f01_80561.jpg

Jon LEUNDA

Joxejuan Barberenak omenaldia jasoko du bihar eguerdian, 12.15etik aurrera, Lekunberriko pilotalekuan. Berueten jaiotako aizkolaria egun Lekunberrin bizi da, eta Egur Sport enpresak omenaldia eskainiko dio bihar.

Barberenak aizkora uzteko hautua egin du, baina ez guztiz uztekoa, eta hori garbi utzi nahi izan du, oraingoz lehiaketak bakarrik utziko dituela eta erakustaldiak egiten jarraitzeko asmoa duela esan baitu: «Txapelketak utziko ditut, baina aizkora kolpean uztea asko iruditzen zait, eta aurten erakustaldi batzuk egiteko modua baldin badut, egingo ditut», esan zuen Joxejuanek.

Aizkora lehiaketak zergatik uzten dituen ere esan zuen Beruetekoak: «Adinean aurrera goaz, eta gaur egun lehiaketetan aritzeko oso ongi prestatuta egon behar da. Lan eginez ez da erraza prestakuntza hori aurrera eramatea, eta azkenean txapelketak uztea erabaki dut», azaldu zuen Berueteko aizkolari beteranoak.

Euskal Herriko maila nagusiko finaletan izaten zen azken urteetan, baina, adinean sartuta, batzuk badoaz apurka-apurka lehiaketak uzten. Peñagarikanok utzi zituen, eta orain Barberenak. Beste batzuk, Larretxeak, Arrospidek edo Mindegiak ere ez dute Euskal Herrikoan jadanik parte hartzen, nahiz eta gehienak erakustaldietan eta, batzuen kasuetan, Urrezko Aizkoran ere aritzen diren.

Jaialdi dotorea

Egur Sportek jaialdi dotorea antolatu dio Barberenari. Urrezko Aizkorako kanporaketa jokatuko da, eta harri-jasotzen Iñaki eta Inaxio Perurena arituko dira Mieltxo Saralegirekin batera. Horrez gain, Barberenaren ohorez aizkora torneo bat ere jokatuko da, egungo aizkolari onenetakoak bertan direla.

Nazabal-Rekondo, Larretxea-Arria V.a eta Olasagasti-Arrospide neurtuko dira. Bikote bakoitzak seina enbor erdibitu beharko ditu txanda librean. Honako saio hau ere oso erakargarria izango da zaleak Lekunberrira hurbiltzea erabaki dezaten.

Ez da hori izango jaialdiak emango duen guztia, ordea, horrez gain, Vicente II.aren eta Zabaletaren arteko aizkora dema ere izango da ikusgai. Bi horiek oraindik mutikotxoak dira, baina entrenatu eta egunen batean onenen artean izatea dute amets eta hauek ere saiatuko dira ikuskizuna ematen, eta aizkolaritzak etorkizuna baduela erakusten.

Jaialdi osoa antolatuta dauka Egur Sportek. 12.15ean hasiko da aurkezpen ekitaldia eta Urrezko Aizkora jokatuko da. Amaitu berriz, 13.25etan hasiko den Binakako Torneoarekin amaituko da, eta ondoren etorriko den sari banaketarekin.

Gazteek beren lekua aldarrikatzen jarraitzeko aukera berri bat izango dute

Ruben Saralegi, Ugarteburu, Olano, Irazabal, Etxeberria, Erdozia, Senosiain I.a, Senosiain II.a eta Xabier Mindegia arituko dira bihar Lekunberrin Urrezko Aizkorako hirugarren kanporaketan.

Hasteko, aizkolariak hiru multzotan banatuta arituko dira, eta azkenengoa geratuko da kanpoan. Horren ondotik buruz buru neurtuko dira, eta hiru onenek egingo dute aurrera.

Kanporaketa honetako jokalari gehienak gazteak dira eta beren lekua aldarrikatzen jarraitzeko parada bikaina izango dute. Aizkolari horietako hiru, 19 urteko Irazabal, Saralegi eta Olano gazteak dira. J.L.

Lekua

Joxejuan Barberena Berueten jaioa da, nahiz eta azken urte hauetan Lekunberrin bizi den. Hantxe egingo diote omenaldia bihar eguerdian, 12.15etik aurrera.

Torneoa

Urrezko Aizkorako kanporaketaz gain, binakako lehiaketa bat ere antolatu dute egungo aizkolaririk onenetakoekin. Harri-jasotzaileak ere izango dira bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo