GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Sorhuet eta Ozafrain dira binakako finalean izateko faboritoak

J.L.

Sorhuet eta Ozafrain Etxeberriren eta Ezkurraren aurka neurtuko dira gaur Donibane Garazin, Garat trinketean, 18.30etik aurrera. Binakako Txapelketako finalean izateko txartela dute jokoan.

Aurtengoan era berrian jokatzen ari da lehiaketa. Lehen fasetik lehenengoak lortu zuen zuzenean finalean izateko txartela, eta jadanik hura jokatzeko prest daude Waltari eta Etxeto. Bi horiek gaurko garaile ateratzen dena izango dute datorren larunbatean aurrez aurre Baionan jokatuko den finalean.

Gaurkorako Sorhuet eta Ozafrain dira faborito nagusiak. Lehen fasean nahiko ongi irabazi zieten Etxeberriri eta Ezkurrari, eta zaleek faborito garbitzat dituzte Pausukoa eta Bankakoa. Dirua, behintzat, nabarmen aterako da haien alde.

Halere, partida erabat ezberdina izango da, final baten gisakoa baita; galtzen duena etxera joango da eta horrek gauzak aldatu egingo ditu.

Gakoa aurrean egongo da. Atzean, egungo bi onenak izango dira, Ozafrain eta Ezkurra, eta biek, gainera, sasoi onean daudela erakutsi dute. Beraz, aurrean erabaki daiteke partida.

Sorhuet une honetan Etxeberriren gainetik dago. Pausukoak oso ongi dagoela erakutsi du, eta aurrean min handia egin dezake. Etxeberri, gainera, adorez ere nahiko ahula da. Jokoan maila handia izan dezake, baina Sorhuetek eta Ozafrainek hastapenetik zuloa ateratzen badiete, Herve Etxeberri maldan behera eror daiteke, eta horren bila joango dira gaurko partidara. Dena dela, hori beraiek ere badakite, eta Ezkurra ere saiatuko da bere lagunari pilotak kentzen. Urruñakoa azken bi lehiaketetako finaletan izan da, eta hirugarrengoan ere ez du hutsik egin nahi. Buruz Buruko Superprestigioko finalean izan zen, eta baita Buruz Buruko Txapelketan ere. Beste aldean, Ozafrain binakako azken bi urteetako txapelduna da, eta bietan Ibarrola izan du lagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo