GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketa

Zalantzak uxatzeko garaia

Arazo fisikoek ez diete ez Asier Olaizolari ez Oinatz Bengoetxeari Eskuz Banakako aurtengo debuta nahi luketen bezala prestaten utzi.

jon ORMAZABAL

Zalantzaz josita hasiko da gaur arratsaldean Labriten «aukeratuen» Buruz Burukoa. Izan ere, azken asteetan izan dituzten arazo fisikoek ez baitiete utzi ez Asier Olaizolari, ez eta Oinatz Bengoetxeari ere, urteko zitatik garrantzitsuena behar bezala prestatzen. Asteazkeneko material aukeraketan adierazi zuten moduan, bi aurrelariak nahi baino entrenamendu gutxiago egin dituzte azkenaldian eta ez dakite ziur nola erantzungo duten horren txapelketa gogorrean.

2008an txapeldun izan zen Oinatz Bengoetxeak eskuin eskuko hatz bat apurtu zuen orain bi aste entrenamendu batean. «Ez dut nahi bezala entrenatzerik izan, baina partidan arazorik ez ematea espero dut eta ea barruan dudan guztia ematerik dudan», adierazi zuen Leitzakoak.

Asier Olaizola, bestalde, ohituta dago eskuz banakakoaren aurretik hainbat arazo izaten. Aurten, binakakoa jokatzen ari zela zuntz haustura egin zuen eta berriz ere jokatzen hasi eta bi astera kontraktura bat izan zuen. «Apenas egin dut txapelketa prestatzeko entrenamendurik, baina orain ondo nago eta ez daukat inolako arazo fisikorik», azaldu zuen Goizuetakoak.

Printzipioz, biak ehuneko ehunean egonda, Oinatz Bengoetxea litzateke faboritoa, distantzia honetan askoz emaitza hobeak izan dituelako, baina ikusteko dago bata zein bestea zein mailatan dauden; debut guztietan zalantzak handiak izan ohi dira, baina honakoan are handiagoak dira, eta horiek uxatzeko garaia heldu da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo