GARA > Idatzia > Ekonomia

Kronika | LAB-en mobilizazioa Donostian

Bankari egosiak janez salatu dituzte «txorizoen» gezurrak

Gure eskubidea defenda dezagun!». Halaxe erantzun zieten ehunka lagunek azkenaldian hainbatek pentsio sistema publikoaren aurka egin dituzten adierazpenei. LABeko Arantxi Sarasolak argi esan zuen: «Bankuen pentsio funts pribatuen interesak daude mehatxu horien atzean».

p027_f01_199x096.jpg

Amaia ZURUTUZA

300 bat lagunek pentsiodun orok pentsio duina izateko eskubidea duela aldarrikatu zuten atzo Donostian, LAB sindikatuaren eskutik. «Hemen eta orain pentsio duinak» eta «Emakumeon pentsioei lapurretarik ez» leloak azaltzen zituzten pankartek ireki zioten bidea Boulevardean hasi zen manifestazioari. Ibilbidean zehar txilibituekin nahiz metalezko ontziak joz zalaparta sortzeko prest zeudela erakutsi zuten ehunka lagunek, baita «Bankuak eta patronala, aliantza kriminala» nahiz «Ez da dirurik falta, lapurrak daude soberan» eta gisakoak oihukatuz ere.

PSOEren egoitza parean bukatu zuten manifestazioa, tartean Banco Guipuzcoanoren egoitza parean ere geldiunea egin zuten. Bertan, hain justu, aberastasunaren banaketa aldarrikatzeko egun osoko kanpaldia antolatu zuen LABek. Hala, sindikatuko hainbat kidek lau kanpin-denda jarri zituzten bankuaren atarian eta propaganda ugariz bete zuten ingurua.

Hain justu, banku baten aurrean mintzatu zen manifestarien aurrean LABeko zuzendaritzako kide Arantxi Sarasola eta honela hasi zuen mintzaldia, besteak beste, finantza sektoreari zuzenduta: «Ez gaituzue engainatuko». Izan ere, «ondotxo dakigu pentsio sistema publikoaren aurka zabaltzen ari diren mezuen eta egina duten mehatxuaren atzean bankuen interesak daudela, bankuen pentsio funts pribatuen interesak, eta ez besterik», esan zuen.

Zentzu horretan, pentsio sistema publikoaren inguruan politikari ugarik egindako adierazpenak gezurra direla baieztatu zuen Sarasolak. Lehendabiziko «gezur handia» dirurik ez dagoela esatea dela azaldu zuen. «Gezurra da. Azken urteetan inoizko aberastasunik handiena sortu da, arazoa da aberastasun guztia gutxiengo txiki batek duela». Gainera, «ez dezagun ahaztu aberastasun hori langileok sortu dugula», nabarmendu zuen. Hortaz, pentsio sistema publikoa mantentzeko inolako bideragarritasun arazorik ez dagoela baieztatu zuen.

Azkenik, eta lan erreforma hizpide hartuta, besteak beste, kaleratzeen kostuaren %40 instituzioek ordaintzea izugarrizko «iruzurra» dela salatu zuen. «Nork sinesten du langileak kaleratzeko erraztasun horiek izanda enplegua sortuko dutenik? Lanpostuak suntsitu egingo dituzte», salatu zuen Sarasolak.

Dena dela, «horrenbeste gezurren artean» LABek bidea zein den badakiela azaldu zuen: «Lanaren banaketan oinarrituta, kalitateko enpleguak sortzeko estrategia behar dugu». Horretarako, ordea, «ezinbestez gure etorkizuna bertan erabakitzeko ahalmena erdietsi behar dugu», azaldu zuen. Era berean, pentsio publikoen sistema propioa aldarrikatu zuen, eta funtsean, xede bakartzat pertsonen eskubide eta beharrak izango dituen sektore publiko sendo eta eraginkorra.

Pentsio duinen aldeko manifestazioak aurrera jarraitu zuen Sarasolaren hitzak amaitu zirenean eta kanpaldian zeudenek bertan jarraitu zuten egun osoan. Bi mobilizazioak banatu aurretik, ostera, hamaiketakoa egin zuten elkarrekin. «`Txorizoen' aurrean gaudela aprobetxatuz txorizo jana egingo dugu», esan zuen Sarasolak eta berehala osatu zen jende ilara luzea lapikoan prest zegoen txorizo egosia jateko asmoz sukaldarietako batek «bankari egosiak!» iragartzen zituen bitartean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo