GARA > Idatzia > Kultura

Desira eta komunikazioa landu ditu Eider Rodriguezek «Katu jendea» kontakizun bilduman

Desira eta komunikazioa ditu ardatz Eider Rodriguezek Igartza bekari esker idatzitako «Katu jendea» liburuak. Orain arte erabilitako generoarekin lehial jokatuz, zazpi ipuineko bilduma aurkeztu du errenteriarrak.

p050_f01_096x096.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Desira eta komunikazioa landu ditu Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) Elkarrekin argitaratu berri duen «Katu jendea» liburuan. Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak bultzatutako Igartza bekari esker egindako lan horretan, bi motako desirak bereiztu ditu; haragizko desira bata, fisikoari lotutakoa, eta barne desira edo desira intimoagoa bestea. «Hurkoa geure bilakatzeko desira landu dut» esan zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean, «bestea gure bakardadera gerturatzeko premia aseezina», hain zuzen. Rodriguezekin batera izan ziren Xabier Mendiguren editorea, Aitor Aldasoro Beasaingo alkateordea eta Joxe Begiristain CAFeko euskara arduraduna. Komunikazioari dagokionez, norbanakoak erakusten duen irudiari erreparatu dio. Irudi fisikoa bainoago, itxurakeria horretan baliatu ohi diren «hitzetara» gerturatu da idazle eta irakasle errenteriarra. «Hitzak, gu garena estaltzeko makineria bilakatu ditugu. Hitzak asko hondatu gaitu gizaki bezala», nabarmendu zuen.

«Polifonikoagoa»

Gizarteratze horretan, zazpi kontakizun baliatu ditu Rodriguezek, guztiak «errealistak eta gaur egunean kokatutakoak». Horietatik bost Euskal Herrian kokatuak dira, eta beste biak Estatu espainolean eta Parisen; guztiak, baina, euskaraz. «Eta handik gutxira gaur» (2004) eta «Haragia» (2007) eleberrien ondoan egindako bilduma honetan, pertsonaia gehiago txertatzen saiatu da kontakizun «polifonikoago» bat eskaintzeko eta, «isilean dauden ahotsak» ezagutarazteko. «Narrazio hauek aurreko liburuetakoak baino luzeagoak dira, polifonikoagoak egiten saiatu naiz, pertsonaia gehiagorekin eta ahots gehiago txertatuta», nabarmendu zuen.

«Katu jendea» izenburuak, zazpi kontakizunak batzen dituela azaldu zuen sortzaileak, «katu samarrak» garela iritzi baitio. «Buruaskiak, dotore joatea atsegin dugunak gara; indibidualista plantak ere baditugu, baina norbait laztandu nahian hurreratzen zaigunean, urrumaka hastan gara gu ere, katuen antzera».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo