Top 14 Liga
Avironi eta Biarritzi garaipenak bakarrik balio die
Zuri-urdinen helburua mailari eustea da; zuri-gorriena final-laurdenak jokatzea.
Jon LEUNDA
Finala, horixe da gaur Avironek eta Biarritzek jokatuko dituzten partidak laburtzeko hitzik aproposena; bai zuri-gorriek bai zuri-urdinek urteko partidarik garrantzitsuenak izango baitituzte, Liga amaitzeko bi partida besterik ez baitira geratzen, eta jadanik ez dago ezer konpontzeko astirik.
Biarritzek 20.45etik aurrera jokatuko du Parisen Racing Metroren aurka. Orain dela hilabete Biarritz Ligako final-laurdenetan sartzeko aukera handiekin egongo zenik ia inork ez zuen sinetsiko, baina zuri-gorriak denboraldi amaiera ikaragarria egiten ari dira eta beren esku dute dena.
Gaur garaipena behar dute. Hori lortuta, aurretik duen Racing taldea gaindituko luke eta lehen sei postuetan sartuko litzateke, eta partida baten faltan Ligako bigarren fasean izateko aukera asko izango lituzke.
Galduta, berriz, jadanik ez luke final-laurdenak jokatzeko inongo aukerarik izango. Goitik ia dena erabakita dago. Izan ere, hurrengo fasean izango diren bost postu erabakita daude. Hor bigarren sailkatua zein izango den jakitea falta da, lehen biek finalerdietako txartela lortzen baitute, baina hori ez da Biarritzen guda. Seigarren postua da lapurtarren aukera bakarra. Une honetan Racing Metro dago hor, 60 punturekin. Zazpigarren Biarritz dago, eta zortzigarren Brive, biak 57 punturekin. Beraz, Liga osoa gaurko partidan du jokoan Biarritzek. Galduta aukera guztiei agur esango dio, irabazita, ia dena bere eskuetan izango du.
Jokalariei dagokienez, Balsaw izango da hutsunerik nabarmenena. Ingelesak min hartu zuen joan den astean Anoetan, eta ez dago osatuta.
Beste aldea
Baionan ere final bat izango da, baina han mailari eusteko helburuarekin. Hiri guztia, gainera, horretarako prestatu da, eta dena prest dute taldea animatzeko. Goizean goiz hasiko dira ekitaldiak, eta zelaian bertan ere ekitaldi asko izango dira, gaur Jean Dauguer 14.30etik aurrera zuriz eta urdinez jantzita ikusi nahi baitute.
Hiriburukoek Brive hartuko dute, eta partida benetan zaila izango da, frantziarrek sei onenen artean sartzeko aukerekin jarraitzeko garaipena behar dutelako, eta hauek ere puntuak batzera etorriko direlako Lapurdira. Avironi irabazteak bakarrik balio dio. Galduta, matematikoki maila ez luke galduko, baina hanka eta erdi izango luke Pr2 mailan. Une honetan, Albi jadanik maila galduta dago, beraz, postu bakarra dago jokoan, eta une honetan Aviron dago hor 43 punturekin. Aurretik Montauban eta Bourgoin daude 45 punturekin, eta gorago, Montpellier dago 47 punturekin.
Gauzak dauden moduan egonda, gaur Montauban eta Montpellier elkarren aurka neurtzen dituen demak ere gauza asko argituko ditu. Avironek irabaziko balu, beste partida hori galtzen duen taldea gainditu egingo luke Avironek, beraz, garaipena lortuta jaitsierako postutik ihes egiteko modua egingo luke. Baina bada, ordea, beste partida garrantzitsu bat ere, izan ere, Bourgoinek Stade Toulosainen aurka jokatuko baitu etxean, eta Okzitaniakoak ere asko dute jokoan.
Gajanek, baionarren entrenatzaileak, jokalari garrantzitsu guztiak prest izango ditu gaur arratsaldeko norgehiagoka garrantzitsurako.
Ohorezko Mailan ere garrantzi handiko partidak jokatuko dituzte Ordiziak eta Bera Berak. Donostiarrek gaur, 16.30etik aurrera, etxean Madril hartuko dute Anoetako estadio txikian. Gipuzkoarrei garaipenak bakarrik balio die, bestela ia hanka bat Ohorezko B Mailan izango bailukete.
Ampo Ordiziak, berriz, bihar 12.30etik aurrera Santboianan jokatuko du. Irabazita, mesede galanta egingo lioke Bera Berari, eta galduko balu, berriz, goierritarrek arazo handiak izango dituzte, nahiz eta dena euren esku izango luketen oraindik. Gernikak bihar Cajasolen zelaian jokatuko du. J.L.