Julen MURGOITIO
Hauts Airline garbia
Bejondeizula, Eyjafjallajoekull edo antzeko zaren horri! Agur eta ohore! Seguruenik, munduan zabal goseteak elikatzen dituen milioika lagunek, gehienak nekazariak, hau kolpea ere!, poza sentituko zuten honezkero, Europako aireportuetako trajedun gosetien ilarak ikusita, larruzko maletatxoa eskuan. Seguruenik esan dut, ez seguru baina. Tira, goseak dauden asko enteratu ere ez ziren egingo non edo non den Iceland izeneko hartan sumendi batek aski da! esan eta berez, naturaz, dagokion lanean ezinbestean hasia dela, izotz zama urtu bidean utziaz, jo eta ke, ke eta su, su eta jo. Goitik jo, gainera. Halaxe izan da, eta iluna egin da nagusi Europako eguneko ortzian. Kolapsoa lurrean, diote. Kaosa airean. Kaosa existitu egiten den seinale. Eta nago ni sumendi horrek Europatik globalizatu duen hauts muturrak ekarritako kaosak globalizatu nahi duten mundu honen ahula agerrarazi berri duela. Adituen teknologiak berezko muga guztiak gaindi ditzakeen ustea ustel utzi berri duela. Airea mendean hartzea ez dela burtsa mendean hartzea bezalakoa; mapatan airekoa espaziotan zatitu badute ere. Lurpea bera mendean hartzea ez dela burtsa mendean hartzea bezalakoa; mapatan lurpekoa kontzesio bidez zatitu badute ere. Hortaz, meatzariei ikara sortzen diena ez da lurrikara, epizentroa burtsan duen ikara baino; gero bai, goian bego esango diete, pederastaren bat izan liteke ere! betiko lurpean geratuko diren horiei, burtsak aurrera egin dezan larrua utzitakoei. Globalizazioa omen. Kloakalizazioa. Ez dute ulertu naturaren aktiboak ezin daitezkeela burtsan kotizatu. Eyjafjallajoekull edo horrek gogora ekarri digu sarri ahaztua duguna, hots, gizarte modura, han edo hemen izan, kalteberak garela, atzo baino gehiago eta bihar baino gutxiago. Ez, ez da amodio kontua, sen kontua baino ez. Horren hauts-muturrak balio izango baligu, sikiera, gure apetetan apalagoak izateko! Tira, harira! Hautsak airean dabiltza. Europa alde zabala lainoztatuz. Lasaitu ederra hartuko zuen hor goiko aireak egunotan, errautsaren iluna gozagarriagoa baita hegazkinen burrunba kirastua baino. Hauts Airline garbia. Dudan nago ni kanpoko espaziotik zelan ikusiko duten gaur Europa astronautek pantailatik, dena ilun, lauso, gandutsu. Batek baino gehiagok pentsatuko du hori dekodegailu batekin konpontzen dela, Europara itzalketa etorri omen delakoan.