ARGIA Pili Yoldi
Nafar analogikoak
(...) Iruñean euskaraz emititzen duen irrati bakarra itzali nahi digute, lizentzia ez emateko hamaika mila tranpa eginez eta hori gutxi balitz, itzalaldi digitalaren mamuak ETB kendu nahi digu Nafarroako gutxituei. (...) Tabernetan bezala, ordaintzeko momentuan denak zeruari begira, telebistakoak ezetz, hemengo agintariak ezta pentsatu ere. Honekin guztiarekin hizkuntza normalizatzeko UPNren estrategia argia ez bagenu, orain badakigu zein den: sistema aldaketa aprobetxatuz, digital mundutik euskaldunak kanporatu eta analogikoak nahi gaituzte.
Euskofobia izendatu dezakegun indarrean dagoen erasoaldi berrian, euskara ez da bakarrik gutxiengo baten hizkuntza: beste garai bateko fosila izateaz gain, hiztunak modaz pasatuta gaude, zaharkituak, usteldutako kutsua bagenu bezala. Etengabe entxufatuta egoten den belaunaldi berriari nola interesatu behar zaio digital munduan ez dagoen hau? (...)
Gure muturrean, esparru publikoetatik kentzen ari dira euskararen arrasto guztiak, baina orain uste ez genuen arloan sartu dira arrapaladan: etxeko egongeletan, santutegi pribatuaren tresnarik preziatuenean, telebistaren erreinuan. Ikusi behar ditugunak! Uhinen nahaste-borraste honetan, sekula imajinatutako egoera ez-logiko hauek sortarazten ditu egungo nafar politikak: nik ETBren programazioa ikusteko defentsa egiten, futbola eta boxeo izarrak parrilako kuttunak dituena (...)
Ana-logikoa, bi hitzetan, logikatik kanpo! (...)