GARA > Idatzia > Mundua

Berrogei hildako eragin ditu Pakistango iparraldean eraso suizida bikoitz batek

Berrogeitik gora hildako eta dozenaka zauritu eragin zituen atzo Pakistango ipar-mendebaldean izandako eraso suizida bikoitzak. Bi erasotzaileek burkaren azpian ezkutatuta zituzten lehergaiak.
p034_f01_148x104.jpg

Igor G. BARBERO (EFE) | ISLAMABAD

Pakistango ipar-mendebaldean milaka iheslari dago, Armadaren eta talibanen arteko borroken eraginez beraien etxeak utzi beharra izan ondoren. Iheslari horiek, laguntza jaso aurretik, izena eman behar izaten dute.

NWFP Ipar-Mendebaldeko Mugako Probintziako Kohat barrutiko Katcha Pakka herrian iheslariak izena ematen ari zirenean gertatu zen erasoa, Zahid Bunairi bertako Gobernuko eledunak jakinarazi zuenez. «Erasotzaileak hemezortzi eta hogei urte bitarteko gazteak ziren. Izugarria izan da. Honek erakusten digu oraindik lan asko egin beharra daukagula biztanleak hezi nahi baldin baditugu», adierazi zuen Bunairik.

Dawn telebista kate pribatuari egindako adierazpenetan, Dilaswar Khan poliziaburuak jakinarazi zuen hildakoen artean Pakistango telebista kate bateko bi kide daudela, kazetaria bat eta kameralaria bestea.

Lehenengo erasotzaile suizidak eguerdian leherrarazi zituen soinean, burkaren azpian, zeramatzan lehergaiak. Geroxeago, larrialdi zerbitzuak lanean hasita zirenean, beste erasotzaileak gauza bera egingo zuen, lehenengo eztandak baino hildako gehiago eraginez. Une horretan hirurehun lagun inguru zeuden iheslariek izena eman dezaten agintariek prestatutako lekuan. Tramite hori egitea ezinbestekoa da laguntza, janaria batez ere, lortzeko.

Atzo erasoa jasan zuen zentroa zabaldu berria zen. NWFPko Ongizate departamentuak prestatu zuen eta apirilaren 3an hasi zen lanean. Geroztik, bi astetan, 2.500 familiak eman dute izena, hau da, 6.500 pertsona inguruk, Ariane Rummery UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Pakistanen duen eledunaren arabera.

Pakistango telebista kateek oso irudi gogorrak eskaini zituzten. Oso larri zauritutakoak ageri ziren, charpai izeneko egurrezko kamainatan jarrita eramaten zituzten unekoak. Gainera, irudietan oso garbi ikus zitekeen bi eztandek eragindako txikizioa: makina bat eraikin kaltetu zituzten.

Yusuf Raza Giilani Pakistango lehen ministroak, eraso bikoitza gaitzesteaz gain, gertatutakoa ikertzeko agindu zuen.

Mendebaldeko potentzia bateko zerbitzu sekretuetako iturri batek Efe agentziari esan dionez, erasoa harrigarria da, batez ere atentatuaren jomuga zein izan den ikusita. Erasotzaileen tribuaren aurka aurretik egindako beste erasoren bati emandako erantzuna izan daitekeela dio aipatutako espioiak.

Izan ere, azken hilabeteotan Pakistango ipar-mendebaldean tribu batzuek bat egin dute Armadarekin talibanen aurkako borrokan. Eta kasu honetan ere hori gertatuko zen. Dawn telebista kateak emandako datuaren arabera, ostiral gauean Armadak egindako aire eraso batean hogeita bat pertsona hil ziren. Bonbardaketa Orakzai eskualdean egin zuten eta, Armadaren arabera, hildako guztiak talibanak ziren. Orakzai eta Kurram eskualdeetako borroketatik ihes egindakoak dira Kohaten daudenak.

kohat

Kohaten bertan eta inguruetan daude une honetan Orakzai eta Kurram eskualdeetako borroketatik ihes egindako 210.000 lagun inguru. Armadak Orakzain egin du bere azken bonbardaketa.

iheslariak

Pakistango Armadak herrialdeko eta Afganistango talibanen aurka abian jarritako erasoaldiaren eraginez, 1,3 milioi pertsona inguruk utzi dituzte beren etxeak. Borroka horiek 12.000 hildako eragin zituzten iaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo