Bere planari gorazarre egiteko biran, Patrick Devedjianek hitzordua izan zuen Bidarten
atrick Devedjian berraktibatze ekonomikorako planaren sustapenerako ministroak Estatu frantsesean bere planaren goraipatzeko egiten duen biraren karietara, bisita egin zuen iragan ostegunean Bidarteko Estia ingeneritza eskolan. Bertan, krisiaren aitzinean agintari frantsesek indarrean jarritako sistemaren «eraginkortasuna» nabarmendu zuen behin eta berriz. P
Ainize BUTRON
«Ez da harrotasun frantsesa baina, Europako beste herrialdeei konparatuta, krisiari aurre egiteko orduan Estatu frantsesak ditu emaitza hoberenak azaltzen», goraipatu zuen Patrick Devedjian ostegunean Bidarteko ESTIA ingenieritza eskolan egindako agerraldian. Estatu frantseseko beste ehun eta hamar bat lekuetan egin bezala, Devedjian Estatu frantsesak bultzaturiko beraktibatze plana goraipatzeko hurbildu zen Lapurdira, eta uztailerako eraikia izango den Compositadour enpresaren bisita egin zuen. Materiala konpositoa egiteko lantegia ESTIA eskolarekin elkarlanean eraikia izango da.
Egitasmoak Europarengandik 2,8 milioi euroko diru-laguntza eskuratu du, eta, beraktibatze planaren baitarik 750.000 euro izan ditu, hau da aurrekontuaren %12, 5a. Estatu frantsesak daraman berpizte ekonomikoaren baitan, Compositadour adibide nabarmen bat zela esan zuen Ministroak. «Egitasmoa biltzailea da, berritzailea, eta hazkunde ekonomiko eramailea», esan zuen.
Proiektu horretan Estatuak eman duen dirutza, eta egindako bisitaren bitartez egiten duen ekintzen jarraipena beraktibatze plano horren ezaugarriak dira Devedjianentzat. «35 miliar euro banatuak izan dira. Estatu frantsesa izan da lehenengo herria beraktibatze planoa abiatu duena. 2009an ekintzen %75a eginak ziren. Europan batazbesteko atzerapen ekonomikoa -4koa da, Alemanian -5ekoa, Estatu frantsesekoa -2, 2koa», argitu zuen emaitza horiekin bere poza adierazi nahian. Estatu frantsesaren eraginkortasun hori bere «sistema zentralista konparaezinari» lotu zuen Ministroak.
«Krisi garai batean egoera larri eta bat batekoari aurre egiteko gure sistema berdindu ezina da. Gure administrazio sistemak badaki eraginkorra izaten», jarraitu zuen goraipatzen.
Sarkozyren kabineteko kideak beraktibatze plana Europa Batasuneko beste herrialde guztiekin egin nahi izan zuela gogoratu zuen. «Nahi nuen ekintza koordinatua izatea Europa osorako, baina ezin izan da egin. Elkarrekin lan eginez beti ere emaitza hobeagoak izaten ditugu», tamaldu zuen.
Planoa aktibatua dago dagoeneko, eta 2010ean bukatzear dagoela-eta, «eragile ekonomikoek baikortasuna berreskuratu eta hazkunde ekonomikoa berpiztu behar zutela», esan zuen alde horretaik ministro frantsesak. Hori gertatzen ez den bitartean estatuak diruztatzea beregain hartuko du.
Berckmansen aldarriak
ESTIAren egoitzan Jean-Marie Berckmans Komertzio eta Industria Ganberako buruarengandik piztu zen aldarrikapen beharraren gainetik jarri zuen bere planoaren promozioak Devedjianek.
Berckmansek Estia ingeneritza eskolarako Estatuak eskaintzen duen diru-laguntza murritza gogoratzeaz gain, Komertzio eta Industria Ganbera Bordalen zentralizatzeko dagoen proiektua salatu zuen. «Etorri naiz dirua eskaintzeko, ez nazazuela ihes egin arazi. Keinua da garrantzitsuena», ihardetsi zuen Ministroak.
Aldarrikapenak bertan behera gelditu ziren, eta Patrick Devedjianek jarraitu zuen bere planoaren «eraginkortasuna» nabarmenduz.